Greziako egoeraz hausnarketa, hauteskundeen ondoren
Igandean Grezian egindako hauteskundeek zatiketa giroa handitu dute herrialde hartan. Aurretik egoera larrian aurkitzen zen; 2009an egindako hauteskundeetan garaile izandako Papandreu lehen ministroak (PASOK alderdi sozialdemokratako buruak), herritarren eta parlamentuko kideen konfiantza galdu ondoren, dimisioa aurkeztu zuen 2011ko azaroan, eta bere alderdiak Demokrazia Berria-ko kontserbadoreekin eta LAOSeko eskuindarrekin gobernu berria osatu behar izan zuen, Troika-k (Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Banku Zentrala) agindutako murrizketa neurriak aurrera eramateko.
Azken urteotan Greziak bizi izandakoa ikusita, zail da herrialdea demokraziatzat jotzea. Gobernu baten dimisioa bultzatu ondoren, nazioarteko merkatuak "lasaitzeko", euren gustuko beste bat jarri zuten, beraien eskaera guztiak bete zitzan. Kontuan izan behar da Papandreuren dimisio unetik orain arte gobernuburu izan den Lucas Papademos bankaria izan dela, bai Greziako Banku Zentraleko buru (1994-2002), baita Europako Banku Zentraleko lehendakari-orde ere (2002-2010). Herritarrek hautatu gabeko gizon horrek, inolako kontrol demokratikorik gabe, greziar arrunten bizi maila nabarmen jaitsi duten hainbat neurri hartu ditu, "nazioarteak" horrela eskatuta (edo mehatxatuta): erretiroko pentsioak murriztu, zerbitzu publikoak ezabatu, langile publikoak kaleratu, langabezia laguntzak gutxitu, zergak igo... hori guztia estatuaren defizit handia murriztu, atzerriko inbertsoreen "laguntza" jaso eta bankuekin eta inbertsore pribatuekin zuen zorra ordaintzeko. Herritarrak gero eta behartsuago utzi eta betikoen poltsikoak ederto berotzeko, alegia.
Oraingo krisialdi luze honek, zerbait erakutsi baldin badigu, hau da: "merkatuei" konfiantza ematea ezinezkoa dela. Gobernu ia guztiak beldurtuta bizi dira, merkatu horien irizpenen aurrean, egoeraren epaile balira bezala. Baina argi daukat merkatuak "lasaitzeko" zain baldin bagaude ez dugula izango ez "tunelaren irteerarik" ezta "kimu berderik" ere inon. Bi arrazoi nagusirengatik (nire ustez): batetik, "merkatuak" ez direlako izaki arrazional batzuk, unean-unean interes pribatu eta egoista bilatzen duten inbertsore multzo bat baizik. Bestetik, eta aurrekoaren ondorio gisa, honezkero ikasi dutelako "lasai" egonda ez dutela ezer irabazten. Hau da, uneoro urduritasuna erakutsi behar dute, gobernuek beraien interesen araberako jarduerak egin ditzaten. Horrela baino ez dute irabazirik lortzen; beraz, norbaitek balazta jartzen ez badie noizbait, beraien horretan jarraituko dute etenik gabe, gero eta gehiago irabazi nahi horretan, beste guztion egoera berdin zaie eta.
Greziara bueltatuz, hauteskundeen emaitzek erakusten digute herritarrek gogor zigortu dituztela murrizketa plan horiek onartzen zituzten alderdiak. Demokrazia Berria eskuindarrak hauteskundeak irabazi ditu, bai, baina boto galera handia izanda (eserlekuetan gorakada handia izan du, Greziako parlamentuan 50 eserleku gordetzen baitira alderdirik bozkatuenarentzat). PASOK sozialdemokrata, aldiz, lehen postutik hirugarrenera igaro da, aurretik zituen botoen %30 baino gehiago galduta. Bien artean Syriza alderdi ezkertiarra geratu da, murrizketa politiken aurkako herritarren botoa jasota. Alderdi nagusi biek izandako zatiketetatik sortutako alderdi txikiagoek (Greziar Independenteak eskuindarrak eta Ezker Demokratikoak) laugarren eta zazpigarren postuak eskuratu dituzte (murrizketen kontrakoak dira bi horiek). Alderdi Komunistak (Greziako alderdirik zaharrenak) ez du lortu boto igoerarik, eta antzeko kopuruan geratu da. Kezkagarriena, azkenik, eskuin muturraren igoera izan da: etorkinen aurkako politika bortitzak (eraso fisikoak eta atzerriratze masiboak barne) defendatzen dituztenak parlamentuan taldea izatea lortu dute, eta beraien diskurtsoa apurka-apurka errotzen ari da egoerarekin kokoteraino dagoen gizarte kolpatu horretan.
Bart arratsaldean, Antoni Samaras Demokrazia Berriko hautagaiak adierazi zuen ezin izan zuela gobernua osatzeko itunik lortu, nahiz eta ahalegin guztiak egin. Izan ere, murrizketa politika onartzen duten alderdiak (Demokrazia Berria eta PASOK) ez dira erabateko gehiengora iristen. Horregatik, gaurtik hasita, Alexis Tsipras Syrizako buruak du negoziazioak aurrera eramateko ardura. Ez dirudi ezkerreko alderdi horrek gauza handirik lor dezakeenik, eskuinak duen nagusitasuna eta muturreko alderdien arteko harreman ezintasuna dela eta. Zaila izango da gobernu egonkor bat lortu ahal izatea, eta askoren ustez hauteskundeak egin beharko dira berriz.
Herritarrak nazkatuta egongo dira Greziako egoeraz, eta aurrera egitea zailagoa izango zaie. Baina emaitzek erakutsi dute ez daudela edozer onartzeko prest. Pazientziak ere mugaren bat izango du kontizu, eta ezin da besterik gabe finantza merkatuek sortu duten krisialdi hau herritarren lepotik konpondu. Estatua dirua aurreztu nahian bankuen zorra ordaintzeko? Egoera hau sortu dutenak gero eta aberatsago izan daitezen gainerako guztion kontura? Greziarrek ez dute onartu, hauteskundeak berriz egiten badira erantzuna handiagoa izango dela dirudi. Besteok ere izango ote dugu greziarrek besteko argi ezin dugula edozer ontzat eman?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: