Ekainaren 28az
Gaurko egunez, ekainak 28, ospatzen da Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen (LGBT) eguna nazioartean. Antzeko egun guztiekin pasatzen den bezala (autorik gabeko eguna, ingurumenaren eguna, giza eskubideen eguna, emakumearen eguna...), izaera bikoitza agerian geratu ohi da: batetik, orain arte egindako ibilbidearen balorazioa eta lortutako emaitzengatik poztasuna agertzea; bestetik, oraindik egiteko dagoen guztia agerian jarri eta lanean jarraitzeko beharra.
Egun honek jatorria 1969ko "Stonewalleko Matxinadan dauka. Urte hartako ekainaren 28an, New Yorkeko taberna hartan elkartutakoek aurre egin zioten poliziaren oldarraldiari.
Lege alorrari bagagozkio, ukaezina da LGBT kolektiboaren eskubideetan aurrerapauso handia egin dela azken hamarkadetan Europa osoan. Bestelakoa da munduko hainbat herrialdeetako egoera: Saudi Arabia, Iran, Sudan, Mali, Somalia eta Nigeria bezalako herrialdeetan harreman homosexualak heriotza zigorra ekar dezakete, adibidez. Beste askotan, espetxeratze aldi luzeak izan ditzakete harrapatuak izanez gero.
Hori guztia gutxietsi gabe, gure jendarte moderno eta toleranteetan egoerak zoragarria lirudike lege hutsak aztertzera mugatuko bagina. LGBT pertsonen aurkako diskriminazioa debekatuta dago, borondatezko sexu harremanak (sexu berekoen zein desberdinekoen artean) legalak dira, eta hainbat herrialdetan sexu berekoen arteko ezkontza egin daiteke.
Errealitatea, baina, ez da hain xamurra. Politikoki eta sozialki zuzenak izatea atsegin dugunez, ez du ia inork esango homosexualitatea onartzen ez duenik, maila teorikoan bada ere. LGBT pertsonak egoteari ez diogu eragozpenik jarriko. Hori bai, askoren begietara ez da gauza bera LGBT pertsonak telebistan ikustea edota gure inguru hurbilean daudela onartzea. Arartekoak kaleratutako inkesta batean agertzen zenez, Euskal Autonomia Erkidegoko gazte askok ez luke onartuko bere ikaskide edo koadrilakoren bat gay edo lesbiana izatea. Era berean, irakasleren bat "armairutik aterako" balitz ere deseroso egongo litzake. Mozkorrek eta umeek beti egia esaten dutela egia bada (barka errepikapena), argi ikus daiteke gure ingurua ez dela, oraindik orain, uste dugun bezain irekia.
Giro horretan, itsua izan behar da gurean dena lortuta dagoela esateko. Onarpenik eta errespeturik ez badago, eta LGBT pertsonen lepotik barre egitea zilegi bada, ezinezkoa zaigu jendarte aske batean bizi garela aldarrikatzea. Norbere sentimenduak beldur barik bizitzeko gai ez bagara, ondokoaren maitasun adierazpenak deseroso sentiarazten bagaitu eta, esanak esan, gure gertukoak "normalak" izatea nahiago badugu, egiteko asko dagoen seinale.
Noiz izango dugu benetako berdintasuna? Lege, adierazpen eta testu hutsetatik haratago, gure inguruan pertsona guztiak errespetuz onartzeko gai garenean. Denok, askatasunez, bakoitzaren eta besteen sentimenduak eta harremanak onartzean. Oroz gain, gure gertukoak (senideak, lankideak, lagunak, ikaskideak...) era askotakoak direla ikustean, hetero, homo edo bisexualak izan. Bien bitartean, asko dugu lantzeko, norbere burua eta ikuspegia zabaltzetik hasita.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: