Yogaren jatorriaren arrastoak eta testu zaharrenak

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-05-07 11:25

Namaste.

Era xume batean yogaren jatorria azaltzen saiatuko gara.

Yoga antzinatik datozen praktika eta jakintza multzo bat da, denborarekin adar ezberdinak sortu dituena.

Yogari buruzko datu zaharrenak prehistorikoak dira eta arkeolojiaren bitartez iritsi dira gureganaino.

Lehenengo zibilizazioen artean dago Indo ibaiaren arroan sortu zena K.a. 3300-1300 urteen artean. Indo ibaiaren ur-emariaren urteroko gorabeherengatik ondoko lurrak oso emankorrak ziren eta bertan bizi zirenak hasieran nekazariak izan ziren, baina, pixkanaka, bertako aberastasunagatik, herriak eta hiriak ere sortu ziren. Historiako lehenengo hiriak izan ziren haiek. Ez zuten ezer idatzirik utzi eta horregatik dira prehistorikoak.

Garai hartan harrietan grabatutako irudiak aurkitu izan dira eta besteak beste, loto posizioan eseritako gizakiak ikus daitezke.

Yogaren jatorria dantzarekin lotzen duenik ere badago. Garai hartan dantza era ia profesional batean egiten zuten, bai tenplu eta bai erritualetan. Yogak dantza estatikoarekin du harreman zuzena.

Garai honetan jainko asko gurtzen zituzten, haundiak eta txikiak, naturaren indarren pertsonifikazio gixa. Sakrifizio txikiak egiten zizkieten.

K. a. 1500 urte inguruan arioen inbasioa jasan zuten eta honek aldaketak ekarri zizkieten. Garai honetakoak dira Indiako libururik zaharrenak: Vedak. Horregatik garai Vedikoa esaten zaio honi.

Vedak eta garai Vedikoa

Hasiera batean ahoz aho transmititzen ziren jakintza batzuk izan ziren (irakasleak ikasleari irakatsita). Veda-k literalki jakintza esan nahi du sanskritoz. 4 liburu dira.

1. Rig Veda: zaharrena eta garrantzitsuena da. 10 liburukitan banatutako 1028 hereserkiz osatuta dago. K.a. 1500-1000 urteen artean ondutakoa da.

2. Sama Veda: liburu honetan agertzen diren hereserki gehienak Rig Vedan agertzen dira, Sama Vedan abesteko moduan agertzen dira ordea.

3. Yajur Veda: liburu honetan agertzen diren hereserkien erdiak Rig Vedan agertzen dira. Yajur Vedan ritualak nola egin behar diren azaltzen da.

4. Atharva Veda: aurreko 3en aldean berantiarragoa da. Zati batean Rig Vedaren berdina da eta beste zatian erritualen azalpenak azaltzen dira.

Yogaren kontzeptu batzuk agertzen dira Vedatan, hala nola, prana edo enerjiaren  printzipio dinamikoa eta arnasketarekin duen harremana, edo baita, gure gorputzeko gune eta kanal enerjetikoena ere.

Garai Brahmanikoa

Garai Vedikoaren zatitzat ere hartzen dute batzuk. Garai Brahmanikoan sakrifizioen erritualak asko korapilatu ziren, apaizen lana ezinbesteko bihurtzeraino eta horrela apaizek indar haundia hartu zuten. Besteen gainetik zegoen jainko baten ideiak indarra hartu zuen eta baita kasta-sistemak ere.

Upanishad testuak

K. a. 600-200 urte artekoak dira. Azken Vedak lirateke.  "Upanishad" hitzak zera esan nahi du "ondokoa baino beheraxeago jarrita, errespetuz entzun". 150 bat liburu edo testu dira, orri bat edo 50 orri arteko luzera dutenak.

Rig Vedan agertzen zen erlijio ofizialaren  aurrean kultura berri bat aurkezten dute Upanishad testuek. Testu hauetan yoga uztartze edo batasunaren ideiarekin lotzen da. Izatea, gure barruan ezagutu daiteke, ez kanpoan.

Garai honetan erlijio, pentsakera edo bide filosofiko asko sortu ziren, adibidez, Yainismo eta Budismo erlijioak k.a. 400 urte inguruan. Garai honetan dute jatorria  Indian izendatzen diren 6 dharshana-k edo mundu ikuskerak. 

6 dharshana hauetako bat da Yoga:

1- Purva Mimansa: Jaiminik sortua k.a. 200 urtean. Vedatara itzulera bat da.

2- Yoga: Patanjalik sortua edo sistematizatua behintzat k.a. 200 urtean.

3- Nyaya: Gotamak sortua k.a. 100 urtean.

4- Samkhya: Kapilak sortuta k.o. 100 urtean. Yogarekin antzik gehiena duena.

5- Vedanta: Vyasak sortua k.o. 200 urtean. Indian ezagunena da. Diotenez errealitatea Brahma da eta esperientzien mundua irudipen hutsa.

6- Vaisheshika: Kanadak sortua k.o. 200 urtean. "Zientifikoena" litzateke: esperientzietatik ateratako datuak kategoria bihurtzen ditu.

 

Bukatzeko esan dezagun kultura, pentsamolde eta aniztasun haundiko herria dela India. Gaur egun Hinduismo esaten diogu kultura anitz horri. Erlijio hinduista.

 

Bibliografia:

- Sadhana eskolako apunteak.

- Wikipedia, Ecured.

- "Los orígenes de los asanas. Las fuentes de la práctica del yoga". Pedro Lopez. Ed. Fundación Yoga.

 

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: