Yoga motak (1): Jñana yoga, Karma yoga eta Bhakti yoga "Bhagavad Gita"n

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2020-01-16 18:30

Vinaya 1580634736227

Namaste.

Gaur egun yoga motak aipatzen direnean Iyengar yoga, Vini yoga, Anusara yoga, Yin yoga edo Bikram yoga bezalako izenak entzuten ditugu. Yoga eskola modernoak dira hauek: denak interesgarriak  eta yoga era desberdinetara erakusten dutenak. "Herraminta" ezberdinak proportzio ezberdinean erabiltzen dituztenak. Pertsona batzuentzat egokiagoak izango dira mota batzuk eta beste pertsona batzuentzat beste mota batzuk edo pertsona berberarentzat yoga mota batzuk egokiagoak izango dira bizitzaren garai batean eta beste batzuk bizitzaren beste garai batzuetan, baina denek helburu berdina dute: izatearekin bat egitea.

Aurrerago zehaztuko ditugu gehiago yoga eskola moderno hauek baina, orain, yogan bereziki aipatzen diren 5 yoga mota edo alderdi nagusi eta klasikoei buruz hitzegingo dugu:

  • Jñana yoga
  • Karma yoga
  • Bhakti yoga
  • Hatha yoga
  • Raja yoga

Gaurkoan lehenengo 3 motak azaltzen hasiko gara eta horretarako antzinako beste liburu batetara joko dugu:

"Bhagavad Gita". Zorionez, euskarazko bertsioa ere badugu! Ibaizabal argitaletxearena. Euskarazko bertsio honetatik hartu dugu gaurko informazio gehiena. (Argazkian agertzen dena).

 

"Bhagavad Gita" -edo, laburtzeko, Gita-, sanskrito klasikoan izkiriatutako hinduismoaren idazteunik garrantzitsuenetakoa da. "Ramayana"-z aparte, Indiako beste epopeia handiena den "Mahabharata"-ren barne sartuta agertzen da.

Sanskritozko "gita" hitzak kantu edo abesti esan nahi du; "bhagavad"-ek berriz, jaunaren edo jainkoaren esan nahi du; hortaz "Bhagavad Gita", "Jaunaren kantua" bezala itzuli ohi da sarritan.

Yoga tratatu edo bilduma bezala kontsideratua da.

Bere idazketari dagokionez, Vyasa edo Vedavyasari, hitzez hitz "Veden biltzaileari" egotzi ohi zaio 'Gita'.

Adituek k.a. V. eta II. mende bitartean datatzen dute 'Gita', denbora-ertz hau k.o. I. menderaino hurbiltzeko joera indarra hartzen joan delarik.

'Gita'-ren 18 kapituluetako bakoitza askabide edo yoga-mota jakin bati buruz ari da zeinak batasuna iristeko dauden bide anitzetatik bat erakusten duen.

18 kapitulu edo yoga hauek 3 sail haunditan taldekatu ohi dira, bereizten diren hiru yoga-mota nagusien arabera, alegia, ezagueraren yoga (jñana-yoga), ekintzarena (karma-yoga) eta debozioarena (bhakti-yoga), horrela giza gogoaren hiru funtzioak edo alderdiak estaliz.

 

JÑANA YOGA

Jakinduria edo ezagutzaren yoga da. Bere oinarrian testu zaharren ikasketa, ideien analisia eta autoikerketa daude. Bide honetan, hautematen dugun guztiaz zalantza egin behar da eta honela galdera hauetara iristen gara (adib.): nor naiz ni? zer egiten dut hemen? zer da unibertsoa deitzen dugun hau? errealitatea nola eraikitzen da?...

Jñana yogiek meditazioan egiten dizkiote galdera hauek bere buruari, adimena erabiliz hau bera baino urrutirago iritsi nahian.

Bhagavad Gita-n ahapaldi hauek azaltzen dira, besteak beste, Jñana yogari buruz:

2.56.: Hiru miseriek pentsamena asaldarazten ez dioten horri, zorionak bere interesa pizten ez duen eta atxikimendua, beldurraz eta haserreaz haraindi dagoen horri "jakinduria egonkorra duen aszeta" deritzo.

2.57.: Ongia edo gaizkia nonahi aurkitu arren, ez duena ez bata goresten ez bestea gutxiesten, horrek jakinduria egonkorra du.

5.19.: Gogamena berdintasunean eta orekatasunean ainguratuta daukatenek, bizitza honetan bertan gainditzen dute jaiotza eta heriotza. Absolutua bezala berdinak eta orbangabeak izanik, Absolutuan berean ezarrita daude jada.

 

KARMA YOGA

Ekintzaren yoga da. Kontzienteki eta bere emaitzarekiko atxikimendurik gabe  egiten dugun edozein ekintzari egiten dio erreferentzia. Historikoki eskuzabaltasunez besteentzako egindako ekintzak zirela ulertu izan da, baina, Karma yoga ez dago horretara mugatuta: gure benetako izatetik kontziente egiten dugun edozein ekintza izan daiteke, emaitza zehatz bat lortzeko asmorik gabe egiten duguna, hau da, ahal dugun ondoen egingo dugu baina gero emaitza txarra edo ona izan den ez dugu begiratuko.

Bhagavad Gita-n ahapaldi hauek agertzen dira, besteak beste, Karma yogari buruz:

3.19.: Beraz egizu egin beharrekoa modu eraginkorrean eta emaitzekiko atxikimendurik gabe, izan ere atxikimendurik gabe lan egiten duenak Gorentasuna iristen baitu.

3.35.: Hobe da nork bere betebehar apala, akatsekin egitea ere, norberari ez dagokion betebehar arranditsua egitea baino. Nork bere lana egiten hiltzea bizigarria da. Besteen lanaren inbidiatan bizitzea heriotza da.

5.7.: Ekintza desinteresatura eman den arima aratza, autokontrolatua, zentzuak menderatu dituena, eta izaki bizidun guztiekin bat dena, nahiz eta jardun, ekintzak ez dio erasaten.

BHAKTI YOGA

Debozioaren edo jainkozaletasunaren yoga da. Emozioena ere esaten zaio. Maitasunaren indarrak mugitzen du Bhakti yogia. Jainkoa maitasunaren pertsonifikaziotzat du. Erritual, errezu, gurtza eta mirespenez makurtzen da Jainkoaren aurrean. Mantrak abesten ditu dibinitatea goraipatuz eta gauza guztiak dibinitatearen agerpentzat ditu.

Bhagavad Gita-n ahapaldi hauek agertzen dira, besteak beste, Bhakti yogari buruz:

9.14.: Nire aintzak abestuz betiere, beren botoei tinko eutsiz, Nigan umilduz, arima handi hauek debozioz gurtzen naute etengabe.

9.26.: Debozioz eta bihotz garbiz egiten didaten edozein eskaintza, hostoa, lorea, fruitua nahiz ura izan, Nik gogo onez hartzen ditut.

10.10.: Deboziozko zerbitzura betiere lotuak, maitasunez gurtzen nautenei, Nik adimenaren yoga ematen diet, eta honek nigana ekartzen ditu.

12.8.: Bil itzazu zure burua eta adimena Nigan; hori bakarrik. Horrela, dudarik gabe, Nigan biziko zara beti.

 

Normalean yoga mota hauek ez dira %100an bakarka praktikatzen, yoga mota guztiak nahasten dira, giza gogoaren alderdi guztiak lantzeko.

Gai hauei buruz gehixeago irakurtzeko agian interesatuko zaizkizu hurrengo helbide hauek:

www.aushadiyoga.com

www.sivananda.org

Hurrengo atal batean "Yoga motak (2):Hatha yoga eta Raja yoga".

Om shanti shanti shanti

 

 


Utzi iruzkina: