Urdhva Hasta Uttanasana

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2020-02-23 17:46

Vinaya 1582990307904

Namaste.

Zutik gaudela besoak altxatuta atzerakako flexioaren gorputz-jarrera da.

Esanahia: "urdhva" goruntz, "hasta" eskua, "uttana" luzaketa sakona, "asana" gorputz-jarrera.

Asana batzuren sanskritozko izena oso argi dago eta mundu guztian berdin esaten diegu, adibidez: Uttanasana, Paschimottanasana, Bhujangasana, ... baina beste asana batzuren izenarekin arazoak izaten ditugu, era desberdinetara izendatzen dugulako, adibidez, gaurkoarekin horixe gertatzen da. Leku askotan "Hasta Uttanasana" bezala deskribatzen dute baina hemen "urdhva"-rekin zehatzagoa iruditzen zaigu.

Bizkarrezurraren atzerakako mugimenduaren oinarrizko asana bat da. "Eguzkiari agurra" deritzogun asana seriean agertzen da. Izena ez da ezaguna baina asana bera bai.

ASANARA IRISTEKO JARRAIBIDEAK

  • Tadasanan hasi (ikus bedi "Tadasana")
  • Arnasa hartuaz besoak igotzen hasi (ikus bedi "Urdhva Hastasana") eta besoak igo ondoren, mugimenduarekin jarraituz, bizkarrezurra atzeraka flexionatzen hasiko gara, emeki, ornoz orno, gure topera iritsi arte. Norberak bere muga ondo ezagutu behar du. Behartu gabe ibili.
  • Arnasa botaz atzerakako bidea egingo dugu: lehenbizi bizkarrezurra ornoz orno zutik jarriko da besoak goian daudela eta ondoren besoak jaitsiko ditugu.
  • Horrelako 3 errepikapen egin eta ondoren asanan gelditu 3 arnasketaz.

 

KONTUAN IZAN

  • Ez izan presarik segituan arku oso markatua lortzeko. Ez dugu minik hartu behar. Mugimendu txikia izanda ere onura handiak lortuko ditugu.
  • Buruak bizkarrezurraren mugimenduari jarraitzen dio; ez da atzerantz erorita gelditzen.
  • Oinak lurrean ondo sustraituta izango ditugu eta zoru pelbikoari tentsio puntu bat emanez abdominalek ondo jokatuko dute bizkarra eusteko lanean.

ALDAERAK

  • Asana hau pixka bat zaildu dezakegu hanka baten mugimendua gehituz. Bi hankak elkarren ondoan jarri ordez oin-punta bat (eta gero txandaka bestea) atzeraxeago jarri dezakegu. Horrela oreka zailtzen da eta gainera arkuaren forma markatuagoa izango da.
  • Bigarren aldaera hau egin aurretik lehenengo aldaera praktikatu behar da erraztasuna lortu arte.

ONURAK

  • Ze onuragarria izan daitekeen ulertzeko, pentsatu goizero gorputzak antzeko jarrera bat hartu arazten gaituela nagiak kentzeko.
  • Gorputzaldi motela biziberritzen lagundu dezake.
  • Birikei tokia egiten die arnasketa beteagoa egin ahal izateko.

Om shanti shanti shanti

 

 

 


Utzi iruzkina: