Ujjayi arnasketa

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-01-08 09:37

hauzerda@hotmail.com 1610462375915

Namaste.

Ujjayi arnasketa edo Ujjayi pranayama eztarria pixka bat itxiz lortzen dugun arnasketa ozena da. Bere izena honako hitzetatik dator: 

Ud: goruntz

Jaya: arrakasta, garaipen.

Garailearen arnasketa esaten diote, baita arnasketa ozena edo itsas-arnasketa (ateratzen duen hotsarengatik). "Uiai" ahoskatzen da.

JARRAIBIDEAK

Lehen aipatu bezala arnasketa mota hau egiteko eztarriko glotisa itxi behar da pixka bat eta horrela aireari pasoa itxi egiten diogu pixka bat. Eztarriko zuloa txikitu egiten dugu eta biriketara doan aireak igurzketaz hotsa ateratzen du.

Arnasa sudurzuloetatik hartu beharrean zuzenean eztarriko zulotik hartuko bagenu bezalakoa da. 

Ispiluan lurrina jartzen irudikatu ezazu zure burua eta lurrina botatzerakoan jartzen duzun antzeko posizioan jarri beharko zenuke glotisa, bai arnasketa botatzean eta baita hartzean ere.

Lore txiki bati usaina hartu nahi diogunean bezala hartuko genuke arnasa, aire gutxiago hartuz eta gozo-gozo sartuz.

Eserita edo zutik bizkarrezurra zuzen jarriko dugu eta goiko hortzak eta behekoak parekatuta ditugularik, kokotza jeitsiko dugu apur bat. Arnasketa mantso, sakon eta kontzienteki egingo dugu eta guk ondo entzuten dugun hotsa aterako da. Itsasoko olatuen antzeko hotsa etortzen eta joaten. 

Arnasketa ariketa bezala praktikatu daiteke bere horretan edo asanarekin batera praktikatu daiteke.

Arnasketa ariketa bezala egiteko 6-12 arnasketarekin hasi gaitezke eta praktika gehiago dugunean errepikapenak gehituz joan. Ondoren arnasaren atxikitzea ere poliki poliki gehituz joan gaitezke.

 

ONURAK

  • Arnasketa doitzen du.
  • Biriken edukiera hazten laguntzen du.
  • Kontzentrazioa hobetzen du. Asanarekin batera egiten badugu arreta hobeto mantentzen laguntzen digu.
  • Nerbio sistema lasaitzen du.
  • Eztarriko masaje bat da eta horregatik karkaxa kanporatzen edo eztula sendatzen laguntzen du.
  • Eztarriko txakra aktibatzeko balio du (Vishuddha txakra).
  • Oso argi erakusten digu arnasketaren erritmoa noiz jeitsi behar dugun eta horrela, gure praktikarekiko zintzotasuna ere lantzen dugu.

KONTUZ

  • Eztarriko narritadura sortu daiteke gehiegizko esfortzuagatik. Doitu zure kemena!
  • Polikiago joan Tiroideetako arazoak badituzu.

 

 "Hatha Yoga Pradipika" liburuan (XV. mendekoa) horrela azaltzen da Ujjayi arnasketa: 

II.51.: UJJAYI, ahoa itxi eta bi sudurzuloetatik hartu arnasa hotsa ateraz. Hots hau eztarritik bularreraino sentitu behar da. 

II.52.: Kumbhaka egin (arnasaren atxikitzea) honen eragina ileetan eta hazkazal muturretan nabaritu arte eta ondoren ezkerreko sudurzulotik bota arnasa. Karkaxak sortzen dituen eztarriko gaixotasunak sendatzen ditu arnasketa mota honek eta liseriketarako garra hazten du.

II.53.: Nadi-etako gaixotasun guztiak, bertigoa eta "dhatu"-etako gaixotasunak ere suntsitzen ditu. Beraz, oinez edo geldirik ujjayi izeneko arnasketa mota egin beharko genuke.

(Dhatu: ayurvedaren arabera, Indiako sendatzeko zientziaren arabera, gorputzaren oinarrizko 7 osagaiak dira "dhatu"ak: azala, haragia, odola, hezurrak, hezur-muina, koipea eta haziak.)

 

 Bibliografia:

- insayoga.com 

- siempreyoga.com

- "Hatha yoga pradipika", Alicia Souto-ren itzulpena.

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: