Tadasana Samasthiti

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2019-05-04 14:45

Namaste.

Yogako zutikako asanak bi izen ditu:

Tadasana: mendiaren gorputz jarrera.

Samasthiti: egonaldi orekatua.

Batzuk biak batera erabiltzen dituzte, beste batzuk bietako bat bakarrik.

Oinarrizko asana bat da eta gure egunerokoan dabilkigun gorputz jarreraz jabetzeko eta zuzentzeko bidea ematen digu. Itxuraz oso erraza dirudi, baina zehaztasun txiki asko izan behar dira kontutan eta etengabeko arreta. Gure hankazpiek, azken finean gure euskarriak, duten garrantziaz hitzegiten digu.

 

ASANARA IRISTEKO PAUSOAK

- Zutik jarri tente.

- Asana klasikoan oinak elkartuta jarri behar dira, behatz lodiak, orkatillak eta orpoak elkar ukituz. Erosoago behar izanez gero oinak pixka bat elkarrengandik aldendu, baina paralelo mantendu.

- Behatzak altxatu, luzatu, elkarrengandik zabaldu eta lurrean jarri berriz ere. Bizirik egon daitezela, lurrean ondo jarrita baina gehiegizko tentsiorik gabe. Hankazpian gure organu guztiak daude isladatuta, beraz, hankazpiari bizitasuna eta kontzientzia jartzen badiegu organu guztiei emango diegu bizitasuna.

- Gorputzaren pisu guztia hankazpi osoan berdin banatuta dagoela egiaztatu behar dugu. Horretarako gorputzaren pisua eraman nahita orpoen aldera une batez eta oinen aurrekaldera beste une batez. Ondoren oreka aurkitzea errazagoa izango dugu.

- Adi egon baita ere orpoak kanpokalderuntz edo barrukalderuntz behartzearekin (oinetakoak gehiago higatzen baditugu gune batean, honek erakutsiko digu non jarri behar dugun arreta orpoa ere ondo orekatzeko).

- Belaunak aurreruntz begira egongo dira, blokeatu gabe.

- Bi hanketara pisu berdina iristen dela egiaztatu.

- Zoru pelbikoa bizirik egon dadila: tentsio punttu batekin, baina ez gehiegizko tentsioa, noski.

- Bizkarrhezurra tentetu. Ornoarteko diskoak hedatu, haunditu errainalde edo sakrotik garezurreraino. Hazi egiten garela irudituko zaigu.

- Lepoa eta burua tente mantendu, kokotsa lurrarekiko paralelo eta burua hari batetik lotuta tiraka bagenu bezala goruntz doa.

- Trapezioak jaitsi, sorbalda eta belarri-gingilaren artean tokia eginez, (Trapezioak bizkarraldean ditugun muskulo parea dira; lepotik, sorbaldara eta ia gerriraino iritsita bi hiruki osatzen dituzte), horrela orno zerbikalak askatzen dira.

- Besoak zuzen beheruntz, gorputz-enborraren alboetara, aldakekin lerrokatuta, esku-ahurrak izterralderuntz, hatzak elkartuta zuzen.

- 7. orno zerbikala sartu, horrela bularraldea irekita mantenduko da arnasa lasai hartzeko.

- Begirada aurreruntz lasai. Aurpegiko muskuloak erlaxatu, baita masailezurra, belarria, mingaina eta eztarria ere.

- Mantendu oreka hau arnasketa batzuz, lasai. Arnasa sudurretik hartu eta sudurretik bota behar da.

                                                                Tadasana Samasthiti  "La obra completa sobre el Vinyasa Yoga" liburutik hartutako argazkia. Idazlea: Srivatsa Ramaswami.

 

ASANAREN AURRETIK LAGUNGARRIA IZAN DAITEKE:

- Gomazko pilota bat zapalduz mugitu dezakegu hankazpia masajeatzeko, hankazpiko puntu guztietara iritsiz. Harri txintxarren gainean ibili gaitezke baita ere edo eskuekin masajeatu dezakegu hankazpia. Horrela hankazpiko puntu guztiei bizitasuna emango diegu eta, era berean, puntu horietan isladatuta dauden organuei. Horrez gain puntu guzti horiei kontzientzia jarriaz hankazpia hobeto kokatuko da lurrean.

- Lagungarri izan daiteke ere besoak igo eta jeistea hasieran. Arnasa hartuz besoak zuzen igoko ditugu, besoak goien daudenean esku-ahurrak elkartuko ditugu eta arnasa botaz besoak jeitsiko ditugu. 3-4 aldiz errepikatu eta ondoren mantendu Tadasana Samasthiti minutu batez gutxi gorabehera.

ALDAERAK

  • A.G. Mohan-en arabera asana klasikoa kokotsa bularraldera jeitsita litzateke ("Jalandhara bandha" eginez. Hurrengo batean azalduko dugu zer den Jalandhara bandha). "Practica yoga para el cuerpo y la mente" liburuan.
  • Anjali Mudra gehitu diezaiokegu Tadasana Samasthiti-ri. Bi eskuak elkartuta erpuruen oinarriak bularhezurraren  oinarrian ukituz. Mohan-en dioenez, antzinako testuen arabera puntu horretan dago Jainkoak gure gorputzean duen egoitza.
  • Ashtanga yoga yoga-eskolan, Tadasana, bi oinak orpoetan elkarrukituz eta hanka puntak ezker eta eskubitara irikita egiten dute (180º-tara).
  • Era erlaxatuago batean ere egin dezakegu: oreka mantentzeko zailtasunak izanez gero oinak zabalduko ditugu. Garrantzitsuena eroso egotea da bestela gehiegizko tentsioa pilatuko genuke eta.

 

ASANAREN ONURAK

- Gure gorputzaren jarrera hobetuko du orokorrean. Adibidez, burua aurrerantz botatzeko ohitura badugu pixkanaka ikasiko dugu zuzen mantentzen eta honen ondorioz, bular-kaiola (kaxa torazikoa) irikita izango dugu eta arnasketa ahalmena hobetuko dugu.

- Egonkortasuna eta oreka emango digu bai gorputz jarreran eta bai gogo-aldartean.

 

Om shanti shanti shanti

 

 

 

 


Utzi iruzkina: