Shavasana

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2021-02-12 12:05

hauzerda@hotmail.com 1614586917823

Namaste.

Oso erraza dirudien asana batekin gatoz gaur, baina, erraza dirudien arren badu bere zailtasun izpia, gorputz osoa lasaitzea eskatzen baitigu, buruak erne jarraitzen duen bitartean. Badirudi ez duzula ezer egiten eta hor egotea askotan kostatu egiten zaigu, ezer egin gabe egotea pekatua balitz bezala.

Shava-k hilotza esan nahi du, beraz, Shavasana hilotzaren gorputz jarrera da. Izen ilun eta tristea irudituko zaigu agian, baina horrek ere lanketa bat eragingo digu eta heriotzari begirada lasaiago batez begiratzen lagunduko digu.

Praktika saio bateko azken asana izaten da askotan eta egindako lanaren onurak biltzen laguntzen digu. Beste asana batzuekin tartekatuta ere egin daiteke atseden txikia hartzeko. Atsedenean biziberritzen baita gorputza. Era berean, asana hau bakarrik ere egin dezakegu, eguneko momentutxo bat guretzako hartuta, esan bezala gorputza eta gogoa biziberritzeko.

ASANARA IRISTEKO JARRAIBIDEAK

  • Lurrean etzanda jarriko gara gora begira (denbora luze xamar batez egon behar baduzue estalki batekin estali zaitezkete, ez hozteko).
  • Hankak zuzen, pixka bat zabalduta, oinetako behatzak kanporantz erortzen utzi.
  • Besoak zuzen, gorputzetik zertxobait aldenduta eta esku ahurrak gora begira.
  • Begiak itxita eta kokotza apurtxo bat lepoaldera sartuta.
  • Gorputz osoko muskuluak erlaxatu kontzienteki eta arretaz jarraituko ditugu gorputzaren sentipenak (gorputz atalak txandaka errepasatu ditzakegu erlaxatzen joateko: oinak, hankak, gerrialdea, bularraldea, eskuak, besoak, bizkarra, lepoa, burua, aurpegia, begiak, matrailhezurrak,...) 
  • Lo egitea ez da helburua baina loak hartzen bazaitu lasai deskantsatu, zure gorputzak horixe beharko zuen eta.
  • Jarri arreta zure arnasketan. Ikusi arnasa nola sartzen eta ateratzen den lasai-lasai.
  • Bukatutzat ematen duzunean pixkanaka behatzak mugitzen hasi, eskuak, oinak,... eta poliki albo batetara okertu eserita jartzeko.

ALDAERAK

  • Gerriko edo bizkarreko mina baduzu oinak lurrean eta belaunak tolestuta jarri ditzakegu (edo kojin bat belaunen azpikaldean).
  • Haurdun bazaude burua eta bizkarra kojin haundi batean jarri erabat horizontalean etzanda ez gelditzeko.
  • Lepoko mina baduzu eskuzapi bat borobildu (neurri egokia bilatu) eta lepo azpian jarri, lepoa erabat zapiaren gainean bermatuta utzi ahal izateko, bestela ez baitu erlaxatzeko aukerarik izango.
  • Tarteka egiteko proposamena: lehen aipatutako jarraibideak jarraitu eta ondoren ezkerreko eskua sabelaldean jarri eta eskubikoa bihotzaldean. Zure gorputzari eskerrak ematen dizkiozun bitartean segi arnasa lasai hartuz eta botaz.

ONURAK

  • Atseden hartzen laguntzen digu; gorputza eta burua biziberritu egiten dira.
  • Asana praktika baten ostean, praktika horren onurak geureganatzen laguntzen digu.
  • Heriotzaren gaiari hurbilketa bat egin diezaiokegu.

Praktika on!

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: