Sadhana yoga eskola

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2019-06-01 15:27

Vinaya 1559399774279

Namaste.

Nire yoga esperientzia nagusiena Donostiako Sadhana yoga eskolan izan dut.

Han jaso nuen yoga irakasle izateko trebakuntza ikastaroa 2005-2009 urteen artean. Esperientzia benetan aberasgarria izan zen eta oraindik ere asko eskertzen diet han ezagututako guztiei.

ZUZENDARI ETA ARIMA

Sadhana Emilio Fielek sortu zuen 1973. urtean. 1980. urtean Carlos Fielek hartu zuen zuzendaritza eta orduan sortu zuen Sadhanako Yoga-Irakasleen Prestakuntzarako Eskola.

Carlos Fielek 24 urterekin Gerard Blitz ezagutu zuen eta Europako Yoga Elkartea sortzen lagundu zion. Adiskidetasun honen harira ezagutuko ditu Krishnamacharia, Krishnamurti, Deshimaru, Satchitananda, Vimale Takar, André Van Lysebeth, Arnold Dejardin, Karl Keller,...

Bidaia asko egin zituen India, Sikkim, Butan edota Birmaniara yogari buruz edota budismo tibetar, zen budismoa eta Vipassana meditazioari buruz ikasteko. Gaur egun Thich Nhat Hanh-en lanketarekin dihardu.

Mediku bezala bere lana medikuntza antroposofiko eta naturalaren ingurukoa izan da.

Terapia alorrean psiko-anatomia eta psiko-somatikaren inguruko ikerketatan parte-hartu izan du unibertsitate ezberdinetan.

SADHANA YOGA ESKOLA

Sadhana yoga eskolak Espainia, Frantzia, Italia eta Suizako hainbat hiritan daude, baita Euskal Herrian ere, Donostian.

Sadhanako irakaskuntzaren 3 oinarriak hauek dira: kontzientzian hazi, gure bihotzetan eboluzionatu eta gure errealitatea bizi.

Bere praktikaren helburua kontzientzia gure gertuko errealitatean jartzea da, pake eta lasaitasun egoera bat sortuz, garen bezalakoak onartzeko eta errealitatea den bezalakoa lasai ikusten ikasteko.

Bere lan eredua yogaren tradiziozko irakaskuntzan oinarritzen da eta gaur egungo berrikusteekin aberasten du bai psikologia eta bai medikuntza edo zientzia humanisten alorretako berrikuntzekin.

Antzinako testuek diotenez: "Izpiritua pakean dugunean sortzen da yoga egoera". Definizio hau da yogan Sadhanakoen bide erakuslea.

Garena erabiliz gure arazoak askatu, nondik eta ze egoeratatik abiatzen garen aztertuz. Ohiturak, automatismoak, blokeoak, emozio eutsiak dira askotan gure izpiritua mutu uzten dutenak eta erritmo naturaletik kanporatzen gaituztenak.

Maitatzea beldurraren loturatatik askatzea da eta ikuspegi desberdin bat hauteman ahal izateko ohitura zaharrak baztertu egin behar dira. Guk baldintza egokiak sortu behar ditugu aldaketa bere kaxara gertatu dadin. Baldintza egokiak sortu behar ditugu yoga egoera bere kaxara gertatu dadin.

SADHANA ESKOLAKO BESTE IRAKASLEAK (2005-2009 URTEETAN)

  • Víctor Morera: Osteopata lanbidez eta gaur egun yoga terapeutikoan lanean dabilena Pranamanasyoga eskolan. "Bases posturales" liburua dauka argitaratuta.
  • Grazia Suffriti: gure tutorea izan zen Sadhanan. Gaur egun yoga terapeutikoan lanean dabil Víctorrekin Pranamanasyoga eskolan. Patanjaliren Yoga Sutrak ikasten eta erakusten jarraitzen du bere pasio osoarekin.
  • Julián Peragón "Arjuna": Antropologoa. Yoga irakasle 1981etik eta gaur egun Bartzelonako "Yoga Síntesis" eskolako sortzailea. "La síntesis del yoga" liburua dauka argitaratuta.
  • Juan Carlos Marquez: Sevillako Sadhanako arduraduna. "Yoga, el cuerpo que sonríe" liburua dauka argitaratuta.

NERE ESPERIENTZIA

Sadhana yoga eskolan izan nuen esperientzia oso aberasgarria izan zen. Graziaren eskutik hasi nintzen yoga klaseak jasotzen eta gehiago sakontzeko gogoa piztu zidan. Horregatik hasi nintzen irakasle eskolan. 4 urteko trebakuntza bat da. Urtero 9 asteburuko (hilean bat) ikastaroa da. Saio bete eta biziak izaten ziren. Asko ikasteko aukera eman zidan eta askoz ere gehiago ikasteko bideak zeudela ikusarazi zidan.

4 urte horietako bakoitzean, yoga ikuspegi ezberdin batetatik jorratu genuen: 1. ikasturtean oinarri posturalak lantzen ziren, 2.an autoregulazioan jarduten ginen, 3.an arnasketari jartzen genion arreta berezia eta 4.an energia guneeri begira jarduten ginen, hau da, txakrei begiera. Gauza da 4 ikasturteetakoek batera ikasten genuela eta ni 4. ikasturtea tokatzen zenean hasi nintzela, txakren urtean, beraz 1. urte hura zail xamarra egin zitzaidan gauza batzuk ulertzeko baina era berean benetan interesgarria!

Yoga serie ederrak egiten genituen, meditazio saioak, elkarrezagutzeko eta norberaren burua ezagutzeko ariketak, Yoga Sutrak, anatomia,... Eguneroko bizitzarako lagungarri gertatu zaizkidan gauza interesgarri ugari eta giro benetan atseginean! Ordu batzuetan pake-burbuila batean egoeta bezalakoa zen!

Besarkada bero bat nire irakasle eta ikaskide guztiei!!!

Om shanti shanti shanti

 


Utzi iruzkina: