Nidra yoga
Namaste.
Nidra yogari buruz arituko gara gaur.
Nidra yoga, loaren yoga bezala itzuli dezakegu. Loa naturaren indar misteriotsu bat da, inork ihesi egin ezin diona. Indian Nidra Shakti deitzen diote indar horri, loaren indarraren jainkosa.
20-25 urte inguru pasatzen ditugu gure bizitzan lotan eta horietatik 4 ametsetan. Beraz, egoera hori pixka bat aztertzeak merezi du.
Nidra yogak eskeintzen diguna edozein kontzientzia egoera kontzienteki behatzeko aukera da.
NIDRA YOGA ZER DA?
Nidra yoga lo geratzearen prozesuari buruzko meditazio bat da. Erlajazio sakona lortzeko metodo bat da: erlajazio sakona osotasunean, hau da, fisikoa, burukoa eta gorputz emozionalarena.
Nidra yoga teknika edo praktika bat da baina era berean egoera bat ere bai, kontzientziaren egoera bat, kontzientzia puruaren egoera.
Ez da kontzentrazio praktika bat, 0 esfortzuko praktika bat baizik. Etzanda jarri eta gorputz barruan gertatzen zaigunari ongietorria emateko praktika bat da.
Ahal bada ez dugu lo hartu behar; arreta punttua mantendu behar dugu, besterik ez. Lo hartzen badugu ez da ezer gertatzen, gure gorputzak deskantsuaren beharra zuela esanahiko du, besterik ez. Gorputzak hitzegin dezan adimenak ixildu egin behar du eta hori lortzen dugu Nidra yogan.
Nidra yogaren lehenengo eta azalekoena den helburua osasuna eta ongizatea dira. Gaur egun eskola ezberdin asko sortu dira eta batez ere ongizate fisiko eta psikologikoa dute helburu. Helburu sakonena, berriz, traszendentzia lortzeko praktika espirituala izatea. Tradizionalki Indian, Nidra yoga auto-errealizazioa edo traszendentzia lortzeko praktikatu izan da.
Nidra yogak beti gonbidatzen gaitu "ni"-a ikertzera: benetan existitzen ote da "ni" hori?. Ametsetan bizi duguna edo/eta guk errealitatea deitzen dugun egoeran bizi duguna hain desberdinak ote dira? zer da "ni" hori? gure adimenak eraiki duen zerbait da, bizitutako esperientziekin eta gordeta dauzkan oroitzapenekin eraikitako izatea.
Nidra yogan gaudenean gure ni-arengandik desidentifikatuta gelditzen gara eta "lasai" begiratu dezakegu agertzen zaizkigun ideiak.
NONDIK DATOR
Antzinako testuetan agertzen da Nidra aipatuta, baina "egoera" bat bezala, ez teknika bat bezala.
Nyasa izeneko antzinako praktika konplexu eta erritualista batetik eratorria da Nidra yoga. Nyasak "ipini" esan nahi du. Gorputzeko atal ezberdinetan mantra espezifikoak ipintzean datza.
Satyanandak sinplifikatu egin zuen 60. hamarkadan, erritualizazioa kenduta, jende gehiagorengana iritsi zedin.
Nyasa, Shastra Tantratik datorren praktika bat da. Tantra kontzientziaren hedapenaren eta energia askatzeko zientzia bezala definitu dezakegu.
Swami Rama ere garai beretsuan aritu zen bere ikerketak egiten. Ayurvedako 61 marma puntuak erabiltzen ditu. Bera izan zen esna eta lotan batera egon daitekeela erakutsi zuen lehenengo pertsona.
Gaur egungo Nidra yogako metodo guztiak dute Indiako tradiziotik eta baita mendebaldeko zientziatik puska bana.
NIDRA YOGARA IRISTEKO JARRAIBIDEAK
- Nidra yoga praktikatzeko irakasle bat beharko duzu, saioa gidatuko duena. (Internet sarean grabazio asko aurkitu ditzakezu proba egiteko).
- Saioaren iraupena 15-90 minutu artekoa izango da.
- Ondoren pauso hauek pasatuko ditugu, irakaslearen azalpenak jarraituz:
- 1. Etzanda jarri jarrera eroso batean, manta batekin tapatuta, hankak eta besoak pixka bat zabaldurik, burua zuzen, bizkarrezurra lurrean ongi bermatuta eta begiak itxita.
- 2. Arnasketa batzuen bitartez gorputzaren kontzientzia hartzen joango gara. Non gauden sentitu, nola gauden sentitu.
- 3. Gure barnean Sankalpa errepikatuko dugu. Sankalpa esaldi bat da, norberak momentu horretan duen sakoneko asmo edo xede bat adieraziko duena. Gure buruan aldaketa positiboak eragingo ditu. Adimen kontzienteak inkontzienteari agindu bezala egiten dio momentu horretan. Sankalpak blokeoak urtu ditzake eta energia bideratzen du, hala gerta dadin benetako irrika bat baldin badaukagu.
- 4. Kontzientziaren errotazioa: irakasleak aipatzen duen gorputz zatiaren kontzientzia hartuz goaz. Adibidez: eskuin sorbalda, eskuin ukalondoa, eskuin eskumuturra,...
- 5. Arnasketaren kontzientzia hartzen dugu: arnasaldi batzuk zenbatuz, zona batzuetan fijatuz (bularra, sudurra,...)
- 6. Polarizazioa landuko dugu. Aurkakoen pareak, polaritateak integratzeko: arin/pisutsu, hotz/bero,...
- 7. Ondoren bisualizazio bat egin daiteke: ilargi betea, hegazti bat hegan,...
- 8. Sankalpa errepikatu.
- 9. Gorputzera ekartzen dugu kontzientzia, arnasketara, pixkanaka erlajaziotik ateratzeko.
NIDRA YOGAREN ONURAK
- Erlajazio oso sakona lortzen da eta honek gure sistema inmunolojikoa indartzen du. Horrez gain, organismo osoak atsedena hartzen du eta oxijenatu eta berrindartu egiten da.
- Gure arreta gorputzeko puntu desberdinetara eramaten dugunean puntu horiek estimulatu edo kitzikatu egiten ditugu. Askotan gure gorputzeko puntu batzuk ahaztuta izaten ditugu eta atrofiatu egiten dira: estimulu hori oso onuragarria gertatzen zaie.
- Nidra yoga garapen pertsonalerako oso lanabes baliotsua da. Gure barne errejistroak ezagutarazten laguntzen digu. Epaiketarik gabeko barne behaketa horren bitartez, gure burua den bezalakoa onartzen ikasten dugu.
- Gure ametsak kontzienteki aztertzeko aukera ematen digu. Inkontzientera sartzeko era eskeintzen digu.
- Kontzientziak presentzia handia lortzen du eta kalte egiten diguten pentsamentuak, beste positiboago batzuengatik aldatzeko aukera ematen du.
- Buruko argitasuna eta oreka lortzen da eta honek gure barruko indarraren garapena ahalbidetzen du.
KONTUZ
- Nidra yoga egoeran barruan dugun guztia mugitzen zaigu: emozio, sentipenak,...Batzuetan etortzen zaizkigun emozioak ez zaizkigu gustatzen, ez gara eroso sentitzen emozio horiek bizituta, baina, segi aurrera, ze, noizbait gorde genituen emozioak dira eta desagerrarazteko era bakarra horiek bizituta da. Sentitu eta joaten uzten baditugu hobeto.
- Batzuetan esaten dute Nidra yogak gaueko loa ordezkatu dezakeela baina, kontuz, ez da hala, ez baitugu beharrezko den Delta uhinen iharduera nahikorik jasotzen.
Bibliografia:
- Swami Satyananda Saraswati: "Yoga Nidra". Liburu urdina deitzen zaiona.
- Swami Rama: "Iluminación sin Dios"
- Yoga Journal aldizkaria (24. zenbakia): "Ate bat gure barneko indargunerantz" artikulua.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: