"Namaste" eta "Om shanti shanti shanti"

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2019-04-13 15:01

NAMASTE  

Asia hegoaldeko kultura askotan erabiltzen den eta sanskrito hizkuntzan jatorria duen hitz bat da. Agurtzeko erabiltzen da eta baita ere, eskatzeko, eskerrak emateko edo errespetua adierazteko. Normalean, esaten den bitartean bi esku-ahurrak jartzen dira elkartuta bihotzaren parean eta burua pixka bat makurtzen da. Eskuen jarrera honek Anjali Mudra izena du (batzutan Atmanjali Mudra). Yoga saioetan oso ohikoa da agur moduan.

Hitz honek bi erro ditu:

- namas: begirune, gurtza, mirespen esan nahi du.

- te: zu, zuri esan nahi du.

Literalki, namaste hitzak "zure aurrean makurtzen naiz" edo "zu gurtzen zaitut" esan nahi du. Hitz hauek eta keinu honek begirune haundia adierazten dute. Agur honek gizaki guztiak muinean berdinak garela sentitzera eramaten gaitu.

Poetikoago, "namaste" hurrengo erara itzuli dezakegu:

- nere alderdi jainkotiarrak zure alderdi jainkotiarra agurtzen du (gazteleraz "divino" hitzarekin ederrago ;-)

 

Anjali mudra

 

 

OM SHANTI SHANTI SHANTI (OM PAKEA PAKEA PAKEA)

Mantra hau esatea, esaldi hau esatea, pakeari laguntza edo babesa eskatzea da eta yoga saio baten bukaeran erabiltzen da maiz.

Bi helburu edo eginkizun ditu: bat, pakea aukeratzea uneoro gure eskura dagoela baieztatzea, eta bi, mantra hau errepikatuz munduan pake gehiago izaten laguntzea. Bihotz maitekorragoak eta buru zentratuagoak eskatzen ditugunean gure kontzientzia erabiltzen ari gara errealitatea birsortzeko edo moldatzeko. Hauxe da mantra guztien xedea: gure nahia edo helburua agerian jartzeko baliabideak dira eta zenbat eta gehiago jarri agerian helburu hori, aukera gehiago errealitate bihurtzeko.

Mantra honen ahalmen guztiaz baliatzeko ondorengoa irudikatu dezakezu hitz bakoitza ozen esaten duzun bitartean. Adibidez, lehenbiziko shanti-a esaten duzunean zure baitarako eskatu dezakezu pakea, 2. shanti-arekin zure familia eta lagunentzako pakea eta 3.arekin planeta osoarentzako pakea.

Zure asmo eta sineste osoz egiten baduzu orduan esparru guzti horietan pakearentzako aukera gehiago sortzen ariko zara.

Om shanti shanti shanti

 

Idatz-ondokoa: garai batean oso gustora entzuten nuen Mikel Laboak abesten zuen abesti eder hura:

"Ihes betea zilegi balitz, nunbait balego pakea,

ni ez nintzake etxe ertzeko loredien maitalea.

Ni ez nintzake oinazearen menpeko mixerablea

oihu zekenen destinatzaile etsipenaren semea."

 

Ederra iruditzen zait oraindik ere baina esanahiari begira orain ez nago hain ados. Pakea gure barruan dago eta horretarako gogo eta asmoa badugu lortuko dugu. Gure barruan, gure familian eta gure planetan.

Om shanti shanti shanti

 

 

 


Utzi iruzkina: