Nadi Sodhana pranayama edo txandakako arnasketa
Namaste.
Txandakako arnasketa edo Nadi Sodhana pranayamak lasaitasuna eta oreka lortzen lagunduko digu. Nadi Sodhana pranayamak nadiak garbitzen ditu. Aurreko batean ikusi genuen bezala (ikus bedi "Txakrak. Sarrera") nadi-ak gure gorputzeko energia bideak dira. Sodhana-k "garbitu" esan nahi du. Arnasketa mota honek Ida eta Pingala nadiak garbitzen ditu.
Eserita praktikatzen da, bizkarrezurra zuzen dugularik, adibidez meditatzeko hartzen dugun gorputz jarreran. Begiak itxita mantenduko ditugu eta aurpegia erlaxatuta.
Eskubiko eskuarekin "Vishnu mudra" osatuko dugu sudurzuloak txandaka tapatzeko (ikusi argazkian). Ezkerreko eskuarekin Chin mudra osatuko dugu eta ezkerreko belaunean kokatuko dugu (ikus bedi "Chin mudra").
Arnasa lasai hartuko dugu, estutu gabe, ixilka, gure arnasaren erritmoa jarraituz.
Hasteko, hartu arnasa sakonki eta bota arnasa sakonki. Ondoren eskubiko eskua Vishnu mudrarekin sudur parean kokatu, burua jeitsi gabe.
Ondorengo hau da Nadi Sodhana pranayamaren ziklo bat:
1- Eskubiko behatz lodiarekin eskubiko sudurzuloa itxi eta ezkerreko sudurzulotik hartu arnasa, zure erritmoan.
2- Ezkerreko sudurzuloa itxi behatz nagiarekin, eskubiko sudurzuloa zabalik utzi eta eskubiko sudurzulotik bota arnasa.
3- Eskubiko sudurzulotik arnasa hartu.
4- Eskubiko sudurzuloa itxi behatz lodiarekin, ezkerreko sudurzuloa zabalik utzi eta ezkerreko sudurzulotik arnasa bota.
Hasiberriek 6 ziklo egin ditzakegu. Praktika pixka bat hartutakoan 12 ziklo egin eta aurrerago gehiago egingo ditugu.
Ondoren, arnas-botatzea luzatzen ere saiatu gara, pixkanaka luzatuz, arnasa botatzen hartzen baino denbora bikoitza igarotzeraino.
Batzutan Anuloma-Viloma pranayama deitzen diote arnasketa mota honi. Hurrengo batean aztertuko ditugu Anuloma, Viloma eta Pratiloma pranayamak.
Web orri interesgarri bat honi buruz irakurtzeko: siempreyoga.com
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: