Viparita Karani Mudra
Namaste.
Viparita Karani Mudra gorputza goitik behera jartzeko jarrera bat da. Mudra bat da berez, baina gaur egun asana bat bailitzan izendatzen da. Azken finean gorputzeko atalak era konkretu batean jartzea dakar.
Pelbisa sorbaldak baino gorago kokatu behar da.
IRISTEKO JARRAIBIDEAK
- Etzanda jarri gora begira.
- Hankak igo eta hauekin batera pelbisa ere bai.
- Eskuak gerri parean jarri eta ukalondoak lurrean. Erpuruak bizkarralderuntz eta beste lau behatzak sabelalderuntz. Hankak luzatuta izango ditugu eta aldaka parean gorputza nahiko flexionatuta. Hankak ez ditugu erabat goruntz jarriko baizik eta burualdera pixka bat etorrita eta beraien pisua eskuek eta ukalondoek eusten dute.
- Sorbaldak eta lepoa lurrean lasai.
- Mantendu hainbat arnasalditan zehar: gutxirekin hasi eta denborarekin arnasaldiak gehitzen joan eroso sentitzen zaren bitartean.
- Bukatutakoan, hankak jeitsi eta etzanda egon tartetxo batean.
ONURAK
- Sabela, hankak eta bizkarraren beheko partea erlaxatzen ditu.
- Deskantsatzeko eta berrindartzeko balio digu. Nerbio sistemaren alderdi parasinpatikoa aktibatzen du.
- Liseriketa eta iraitz-aparatuaren funtzionamendua hobetzen ditu.
- Gorputz jarrera alderantzikatua izanik odol zirkulazioa aldatzen du tarte batez: normalean beherantz dijoan tokian orain goruntz egin beharko du odolak eta honek odol zirkulazioari lagundu egiten dio. Burura odol berria ekartzen laguntzen du.
ALDAERAK
- Gorputz jarrera hau mantentzeko zailtasunak badituzu, pareta eta kojin haundi bat erabili ditzakezu lagungarri. Kojina paretaren ondoan jarri eta hantxe bermatu bizkarraren behe partea, ipurdia eta hankak paretean goruntz jarrita gelditzen direlarik.
- André Van Lysebeth-ek "Mi sesión de yoga" liburuan garrantzi haundia ematen dio eskuen posizioari. Ez da alperrik mudra bat. Behatzen posizio horrekin presio haundia egiten dugu giltzurdinen goiko aldean eta odol zirkulazioari asko laguntzen dio.
KONTUZ
- Hilerokoa baduzu hobe ez egitea, kasu honetan odolak beheruntz egin behar baitu bai edo bai.
- Lepoko edo bizkarreko arazoren bat baduzu paretaren ondoan egin hankak goruntz jarrita.
HATHA PRADIPIKA liburuan, mudren atalean, horrelaxe dator azalduta Viparita Karani:
76. Viparita Karani: ilargi emakorretik jariatzen den nektar guztia (eztarrian) eguzkiak xurgatzen du (zilborrean) eta arrazoi honengatik gorputza zahartu egiten da.
77. Praktika on bat dago nektar hori eguzkiaren ahoraino (zilborrean) iristea ekiditeko. Guru baten azalpenekin bakarrik ezagutu daiteke.
78. Zilborra goien eta ahosapaia behean dauden gorputz jarrera, eguzkia goian eta ilargia behean, Viparita Karani bezala ezagutzen dugu (jarrera alderantzikatua). Guru baten hitzen bitartez ikasi dezakegu soil soilik.
79. Gorputz jarrera hau praktikatzen duenaren su gastrikoa indartzen du. Egunero praktikatzen duenak elikadura egokia beharko du; janari gutxiegi jaten badu suak azkar kontsumituko du bere gorputza.
80. Hasieran denbora gutxi pasatu behar dugu burua behean eta hankak goian ditugula. Iraupena egunero hazten joango da.
81. 6 hilabetez praktikatu ondoren zimurrak eta ile txuriak desagertu egiten dira. Egunero 3 orduz egiten duenak garaia baino lehenagoko heriotza gainditzen du.
Bibliografia
- "Hatha Yoga Pradipika" Svatamarama.
- "Mi sesión de yoga" André Van Lysebeth. Urano editoriala. Argazkia liburu honetatik hartu dugu. Eskerrik asko André.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: