Meditazioa zer da?
Namaste.
Gaurkoan meditazioari buruz hitzegingo dugu Ramiro A. Calleren "El gran libro de la meditación" (Ed. mr.) liburua baliatuz. Bertako pasarte batzuk hartu ditut ideia orokor bat egiteko, baina liburua hemengo azalpena baino sakonagoa da.
- Antzinako Yogien arabera adimenaren oinarrizko planoak 3 dira: kontzientzia, subkontzientzia eta suprakontzientzia. Kontzientziak gertatzen diren gauzetaz konturatzeko, hautemateko edo sentitzeko gaitasuna dauka. Oso funtzio garrantzitsua da baina gutxi garatuta dagoena, ze, askotan, kontzientziaz aritu beharrean, mekanikoki jokatzen dugu bai pentsatzeko garaian, bai hitzegiterakoan edo bai ekintzatan. Mekanikotasun horrek sorgortu egiten gaitu eta kontrolik gabeko pentsamentuek benetan den horretaz urruntzen gaituzte, lehenaldira edo etorkizunera kateatuz eta orainaldia lapurtuz.
- Adimenaren ezaugarri nagusia dispertsioa da, pentsamentuak etengabe sakabanatzeko gaitasuna. Ez dio inoiz mugitzeari uzten, batetik bestera pasatzen da eta horrela, ahuldu, zatikatu eta neurotizatu egiten da. Beharrezkoa denerako adimena kontzentratzen ikasi behar dugu pentsamentuaren norantza mantentzea lortzeko, horrela, sakonagoa eta argigarriagoa izan dadin.
- Alkimistak kalitate baxuko metalak metal preziatu bihurtzen saiatzen ziren bezala, meditatzailea bere joera kaltegarriak mesedegarrietan bihurtzen saiatzen da. Adimenaren funtzio guztiak hobetzen saiatzen da: zoritxarra ekartzen digun adimena, poza ekarriko digun adimenean bihurtzen saiatzen da.
- Ezaugarri bat baino gehiago dira adimena lotu edo iluntzen dutenak. Budak oinarrizko 3 sustrai kaltegarri eta 3 sustrai onuragarriei buruz hitzegiten zuen. Lehenengoak, itsukeria, irrika eta gorrotoa dira eta bigarren taldekoak (lehenengoen antidotoak) argitasuna, eskuzabaltasuna eta maitasuna dira.
- Bare dagoen adimenaren jabe bagara. Ez dugu inora joan behar haren bila: gure barruan dago baina oso noizean behin bakarrik egiten diogu bisita. Subkontzientean dagoen kaos eta nahasteak adimen barea ezkutatzen du, soinuak ixiltasuna ezkutatzen duen bezala, baina ixiltasuna beti dago hor. Beharrezkoa dugu hotsak baretzen joatea, aztoramena deuseztatzea eta mekanikoki agertzen diren ideiak gelditzea.
- "Pentsamentuak gelditzen direnean izatearen argia agertzen da."
- Meditazioa, esperientzia da beti eta honen bitartez, kontzientziaren egoera hobe batetara iristen gara, jakinduria eta errukia uztartzen dituena.
- Santideva-k zioenez ("Bodhisattva-ren bidea" idatzi zuen monje budista bat izan zen, VIII. mendean bizi izan zena.): "Eragozpen guztiak gainditzeko, kontzentrazioari lotuko natzaio, adimena bidezidor erratu guztietatik ateraz eta bere helburua bideratuz."
MEDITAZIO TEKNIKA ZENBAIT
- Kontzentrazio hutsa: aurretik aukeratutako objektu batengan erabateko eta etengabeko arreta mantentzean datza. Arreta beste norabaitera joan dela konturatzen garenean, berriz ere ekin eta jarraitu. Aukeratutako objektua era askotakoa izan daiteke: naturako hotsak (txorien txorrotxioa, errekaren hotsa,...) hots errepikakorrak (erlojuaren tik-tak soinua), argi puntu bat (eguzkia, ilargia,...), gorputzeko sentipenak (eskuetako berotasuna,...), 3. begia,... Aukeratutako objektuarengan arreta mantendu 10 minutuz edo gehiagoz.
- Yoni mudra: kontzentrazioa zorrozteko ariketa egokia da. Meditaziorako aproposa den asana batean jarrita, eskuak aurpegi inguruan kokatuko ditugu: erpuruak belarriko zuloak tapatuko dituzte, erakusleek begiak, erdiko behatzek sudurzuloak alboetatik estutuko dituzte (kontutan izan arnasa hartzeko eta botatzeko estutasuna askatu beharko dugula), nagiek goiko ezpaina zapalduko dute eta behatz txikiek beheko ezpaina.Ondoren gure baitan barneratuko gara eta barrukaldeko soinuan kontzentratuko gara 10 minutuz.
- Arreta arnasketari: gure arnasketari arreta eskeini, epaitu gabe, zer nolako arnasketa mota dugun begiratu, arreta osoz.
- Meditazioa Om silabarekin: Om silabak Absolutoa dena irudikatzen du edo Absolutoaren bibrazioa behintzat. Kosmosaren bibrazio sotila entzuteko gai izango bagina Ommmm etengabeko bat izango litzateke. Meditazio ariketa egiteko, meditaziorako asana bat aukeratu eta arnsa hartzen dugun bitartean Om bat esango genuke gure baitan eta arnasa botatzean beste bat.
- Ixiltasunaren meditazioa: gure baitango ixiltasunean jarriko dugu arreta, lasai, baina pentsamentuak agertzen badira, lasai begiratu eta utzi joaten, zeruan etorri eta joan ibiltzen diren hodeiak balira bezala.
- Bisualizazioak: era askotako bisualizazioak egin daitezke. Adibidez: (ondoko adibide hau ez da liburuan agertzen) arnasa hartuz bihotzera eramango dugu arnasa eta maitasunez betea irudikatuko dugu. Arnasa botaz maitasuna barreiatzen da bihotzetik norabide guztietara.
- Pentsamentuak errotik moztea: ariketa honetan arreta gure adimenean jarriko dugu eta bertan sortzen diren pentsamentuetan. Pentsamentu hauek sortu bezain laister errotik moztean datza ariketa hau. Ez du axolarik gehiago sortzen badira, baina sortzen direnak mozten arituko gara, pentsamentu katerik sor ez dezaten.
Animo praktikarekin!!
Ekin!!
- Fisikari buruzko ohartxo bat (Wikipediatik): elektroenzefalogramak erabiliz buruko iharduera ikertu izan dute. Azterketa horietan ikusten denez, buruko iharduera normalean, adimena erne dagoenean, Beta uhinetan mugitzen da (15-30 Hz); meditatzerakoan baretasuna lortzen dugu, sormenerako erraztasuna etortzen da eta momentu horietan Alfa uhinetan mugitzen da (9-14 Hz). Sakonago meditatzen dugunean Theta uhinetan mugitzen da (4-8 Hz) eta hau konponbideak bilatzeko egoera litzateke. Azkenik meditazio oso landuetan Delta uhinetan mugitu daiteke (1-3 Hz-tara), ia lo sakonean gaudenean bezala.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: