Kundalini yoga

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2023-03-12 07:53

Namaste.

Kundalini zer den ikusi genuen aurrekoan eta gaur Kundalini yogaren txanda da. Beti esaten dugun bezala yoga, bat eta bakarra da, beti helburu bera duena, baina yoga egoerara iristeko bidean herraminta asko erabiltzen ditugu eta talde batzuk herraminta batzuk maizago erabiltzen dituzte beste batzuk baino, eta horrela izendatu dira hainbeste yoga estilo.

Nere kasuan, ez dut sekula Kundalini yoga praktikatu. Bai praktikatu ditut bertan erabiltzen diren hainbat "herraminta". Beraz, bibliografiara jo dut informazio gehiagoren bila.

 

ZER DA

Kundalini yoga izenaren babesean oso praktika ezberdinak biltzen dira.

Kundalini hitzak gizakietan lozorroan dagoen energia bati egiten dio erreferentzia. Energia hori kontzientzia da. Kontzienteki kontziente izateari, esnatzea izango litzateke.

Azken finean yoga adar guztiek dute Kundalinia esnatzeko helburua: pertsona hori bere potentzial osoan esnatzeko helburua. Denek dugun bizi bulkada da.

Kundalini yoga, yoga estilo bat da, espirituala eta deboziozkoa non askotan abestiak, mantrak, kandelak eta intzentsuak erabiltzen dituzten. Bere baitan meditazio asko erabiltzen du eta baita mudrak, pranayama, mantrak eta energia mugiarazteko praktika fisiko dinamikoa.

Praktika hauen bitartez txakren oreka bilatzen du gaixotasun fisiko eta emozionalak sahiesteko.

Kontzientziaren yoga bezala ere ezagutua da.

 

SUSTRAI HISTORIKOAK

Kundalini energia Tantren muinean dago. Tantra esaten diote Indian gutxi gorabehera VI. mendean sortu zen jakintza multzo bati. Bere barnean sartzen dira, besteak beste, jainkosei gurtza, emakumeen partaidetza askatasunerantzko bideetan eta ezkutuko mantren erabilera.

Ikerketen arabera, Tantra goiztiar haietan Kundalinia lantzeko erabiltzen zituzten metodoen artean garrantzi txikia ematen zioten asanari eta handia berriz, txakra eta energia kanaletan eragiten duten praktikei, adibidez, prana, mantra eta bisualizazioak puntu enerjetikoetan.

Tantra eskola asko izan ziren eta bakoitzak bere metodoak erabiltzen zituen. 

Gaur egun, Kundalini energia bizkarrezurraren oinarrian lo dagoen eta esnatu behar dugun kiribildutako suge baten itxuraz ezagutzen dugu, baina ideia hau Hatha Yogaren hasierako testuetatik dator (XVI. mendea).

Testu zaharragoetan inoiz lo egiten ez duen energia bati buruz hitzegiten da, edo soinua egiten duen indar bat burutik behera datorrena txakra desberdinetan dauden blokeoak askatzen dituena, edo Kundaliniaren zati bat behean dagoena eta igo egin behar dena eta bestea goian dagoena eta jeitsi egin behar dena biak elkartzeko...

Christopher Wallis ikertzailearen arabera XII. eta XIII. mendeetan musulmanen Indiaren konkistaren ondorioz Shivaismoaren barruan sartzen ziren praktika tantriko-esoteriko horiek desagertzen joan ziren. Mantendu ziren apurrak Goraksa Nath yogiaren testuen bitartez mantendu ziren.

Wallis-en arabera, Goraksa Hatha Yogaren fundatzaileetako bat litzateke eta tradizioari eusteko desio baten ondorioz gorde zituen tantraren praktika batzuk, baina, mantrari garrantzia kenduta eta gorputz fisikoari garrantzia emanda. Horrela, soilik gizonezkoentzako zen zientzia batean bihurtu zen, gozamenari uko egiten dioten gizonezkoentzako, errenunzianteentzako, alegia.

Beraz, azken 3 mendeetan Kundaliniari buruz hitzegiten zuten yogiek Hatha Yogaren testuetan bilatzen zuten informazioa edo Upanishad batzuetan.

 

KUNDALINI YOGA MODERNOA

Yogi Bhajan (1929-2004) Kundalini yoga modernoaren aitatzat hartzen da. 1969an Kundalini yoga mendebaldera ekarri zuen eta berak sortutako 3HO elkartearen bidez milaka pertsonari erakutsi zion. Hori horrela izanik ere, badirudi berak irakasle ezberdinen teknikak hartu, izena aldatu eta propioak bezala erabiltzen zituela. Yogi Bhajan sihkismoaren jarraitzaile zen eta hortik ere erabili zituen teknika batzuk.

Kundalini yogan ezagunena Yogi Bhajan da baina berea ez da bide bakarra.

 

PRAKTIKAREN EZAUGARRIAK

Kundalini yogaren praktika kriyatan oinarritzen da. Kriya-k ekintza esan nahi du (gorputzarentzako garbiketa teknika multzo bati ere esaten zaie kriya). Yoga asanen eta ariketa dinamikoen sekuentziak dira, zeinetan mantrak, hotsak eta arnasketa ariketa espezifikoak erabiltzen diren helburu desberdinak lortzeko.

Zuntz organikoz osatutako erropa erosoa erabiltzea gomendatzen da, ahal bada kolore zurikoa. Praktikatzaile zorrotzenek burua turbante batez estali ohi dute (beraien energia gal ez dadin).

Praktika Adi mantra kantatuz hasi ohi da: ONG NAMO GURU DEV NAMO.

Sekuentziatan lan egiten dute eta sekuentzia berdinean egon daiteke, mantra bat abestea, asana bat, pranayama bat, meditazio bat bisualizazioarekin, asana bera pranayama zehatz batekin edo bisualizazio edo mantra edo mudra batekin,...

 

BESTELAKO INFORMAZIOA

Shakti Shivarekin elkartzea da helburua.

Kundalini gazteleraz "la enroscada" bezala ere ezagutzen da. Euskaraz "kiribildua dagoena" esan dezakegu. 

Energia hau esnatzen dugunean guregan  sorkuntza eta baldintzarik gabeko maitasuna hazten lagunduko dugu.

Kundalini yogak zure intuizioa garatu eta kontzientzia esnatu nahi du.

 

BIBLIOGRAFIA

- "Los orígenes del Kundalini Yoga", Yoga Journal aldizkaria, 116. alea.

- "Desvelando los orígenes del Kundalini Yoga", Yoga Journal aldizkaria, 105. alea.

- yogateca.com

- xuanlanyoga.com

On shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: