Nidra yogari buruzko datu gehiago
Namaste.
Gaurkoan Nidra yogari buruzko datu teoriko batzuk aipatuko ditugu, aurreko testuaren osagarri.
"Esna gaudenean dugun kontzientzia arrunta, kontzientzia mota bat besterik ez da, beste kontzientzia mota batzuengandik geruza fin batek ezberdintzen duena. Bizitza guztia pasatu dezakegu beste kontzientzia moten existentzia ezagutu gabe, baina pizgarri batekin bere irekitasun osoan agertuko dira." William James.
KONTZIENTZIA EGOERA EZBERDINAK
Psikologia eskola batzuen arabera adimenak 3 dimentsio ditu: kontzientzia, subkontzientzia eta inkontzientzia.
Yogaren ikuspegitik abiatuta ("Mandukya Upanishad"-aren arabera) adimen indibiduala 3 esperientzia mailatan sailkatzen da:
- Jagrat avastha: esna egotearen egoera.
- Svapna avastha: ametsetan lo egotearen egoera.
- Sushupti avastha: ametsik gabeko lo sakoneko egoera.
4. egoera "Turiya" izango litzateke, "samadhi" bezalako argitasun eta zoriontasun goreneko egoera, dualitaterik gabeko dimentsioa, eta aurreko 3 egoerak bere baitan biltzen dituena da.
LOAREN FASEAK
Pertsona normal baten loaren zikloa 5 fasetan banatzen da. Orokorrean 90 minutuko zikloak izaten ditugu eta gauero 3 eta 5 ziklo artean bizi izaten ditugu.
- fasea: lokartzearena. Esna egotetik, pixkanaka, lo egotera pasatzen zara. Eguneko gertaeren irudiak etortzen zaizkizu. Zikloaren %5a osatzen du.
- fasea: lo arinarena. Zurrungaka edo arnasketa fuertearekin gaudenekoa. Zikloaren % 45-50a osatzen du.
- fasea: lo arina eta lo sakonaren arteko trantsizioa. Zikloaren %5a osatzen du.
- fasea: ametsik gabeko lo sakonarena. Erabateko atsedena eta sendaketa ere ematen da hemen. Zikloaren %15-20a osatzen du.
- fasea: REM fasea edo paradojikoa. Ametsak izaten ditugunekoa. Gorputza atonian sartzen da baina adimenak aktibitate intelektual handia garatzen du (agian esna gaudenean baino gehiago). REM fase hau ikasteko ere erabili daiteke, adibidez, garai horretan grabazioak entzunez. Zikloaren %25a osatzen du.
UHIN FREKUENTZIAK
Nidra yoga egiten dugunean buruan zer gertatzen den jakiteko entzefalograma erabili daiteke; horrela, kontzientzia egoera ezberdinetan buruan ze frekuentzietako uhinak diharduten jakin dezakegu.
- Gamma uhinak (32-100 Hz): uhin hauek garuna oso kontzentratuta, adibidez, matematikako ariketa zailak ebazten ari denean gertatzen dira; baita, egoera mistiko batean, erabateko poza eta Unibertsoarekiko lotura sentitzen dugunean.
- Beta uhinak (12-32 Hz): esna gaudenean denbora gehienean Beta uhinak dihardute gure garunean. Zenbat eta estresatuago egon Beta altuagoan funtzionatuko du. Beta baxuetan funtzionatzen duenean, erne zaude baina erlaxatuta.
- Alfa uhinak (8-12 Hz): esna gaudenean baina atsedenean, lasai, logalea duzunean edo oso erlaxatuta zaudenean gertatzen dira, meditazioan adibidez. Arnasketa ariketak edo Nidra yoga egiten jartzen bagara, Alfa uhinetara pasatzen gara eta erlajazioa eragiten digute.
- Theta uhinak (4-8 Hz): REM fasean ematen dira edo meditazioan, oso erlaxatuta gaudenean edo informazio inkonszientea prestatzen ari garenean. Kontzientzia eta inkontzientziaren arteko mugan gabiltzanean agertzen dira, ameskeriatan gabiltzanean. Sormen iturri dira.
- Delta uhinak (0.5-4 Hz): garunean aurkitzen diren uhin mantsoenak dira, anplitude haundienekoak. Lo sakoneko egoeran ematen dira. Birsortze eta sendatze prozesuekin dute zerikusia. Meditazio momentu batzuetan ere gertatu daitezke.
GAUR EGUNGO YOGA NIDRA ESKOLA GARRANTZITSUENAK
- Swami Satyanandaren Bihar-ko eskola "Satyananda Yoga Nidra TM"
- Swami Ramaren "Himalayako institutoa"
- Amrit Desairen "I AM Yoga Nidra TM"
- Richard Miller-en "iREST TM"
ONDORIOAK
Gure adimen arruntak izatearen zati bat ikusten uzten digu eta itzalean mantentzen ditu beste egoera mental batzuk, horren ondorioz ezezagun gertatzen zaizkigunak.
Esna gaudenean izaten ditugun pentsamentuak lo gaudenean izaten ditugun ametsak bezain irrealak izatea posible litzateke?
Gertatzen zaigun guztia aurrebaldintza eta arrazoi ugariz osatutako sare baten ondorioz gertatzen zaigula konturatzen garenean, behaketa sakonago bat egin dezakegu.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: