Sutrak I (2). Burua eta gogoa.
Namaste.
"Yoga zer da" sarreran Patanjaliren yoga sutren lehenengo hiru sutrak aztertu genituen.
"Yoga egoera bat da eta era berean egoera horretara iristeko bidea" idatzi genuen. Hari honi jarraituko diogu.
Gaur I.4.a eta ondorengo sutra batzuk ikusiko ditugu. Gogoari buruz hitzegiten dute (gaztelerazko "mente, ingelesezko "mind"; euskeraz nola esan argitu nahian definizio batzuk eskeiniko ditugu bukaeran).
I.4.: "Objektua zuzen eta erabat ulertzeko gaitasunaren ordez, ulermen eza edo gogoaren objektuarekiko beste ikusmolde bat izan dezakegu."
Zer da gogoa edo gogamena? Patanjalik haren ihardueren arabera definitzen du gogamena, haren ihardueren bitartez bakarrik hauteman baitaiteke.
I.5.: "Gogoak 5 iharduera mota ditu. Hauetako bakoitza erabilgarria izan daiteke edo arazoak sortu ditzake."
Hasieran ez dago jakiterik iharduera horiek onuragarriak edo kaltegarriak izan diren; denborak erakutsiko du.
I.6.: "Gogoaren 5 iharduerak honakoak dira: ulermena, uste okerra, irudimena, lo sakona eta oroimena."
I.7.: "Ulermena, objektuaren behaketa zuzenean, ondorioztapen edo dedukzioan eta iturri fidagarrien aipamenetan oinarritzen da."
I.8.: "Uste okerra, zuzentzat hartzen den ulermena da, egoera mesedegarriago batek objektuaren benetako izaera agerian uzten duen arte."
Uste okerra da gogoaren iharduerarik ohikoena. Yoga praktikaren helburua, uste okerra sortzen duten arrazoiak ezagutu eta menderatzea da. (Yoga sutren 2. kapituloan)
I.9.: "Irudimena, aurrean ez dagoen objektu baten ulermena da, hitzetan bakarrik oinarritzen dena."
Ametsek, emozioek, sentimentuek edo/eta aurretik bizitutako esperientziek ere parte hartu dezakete gogoaren iharduera honetan.
I.10.: "Lo sakona, makaltasunak gainezka egin duenean eta gogoan beste iharduerarik ez dagoenean ematen da."
Lo egitea gizakiaren eta gogoaren ohiko eta beharrezko iharduera da. Batzutan, ordea, lo gutxiegi edo gehiegi egiteak gogoaren makaltasuna ekar lezake.
I.11.: "Oroimena, bizitutako esperientzia kontziente batek gogoan uzten duen aztarna da".
Oroitzapenak oroimenean biltegiratuta gelditzen dira. Ez dago ziur esaterik oroitzapen bat egia, gezurra, osoa, osatugabea edo irudikatutakoa den.
Gogoaren iharduera hauek (lo sakona izan ezik) denak nahastuta ere agertzen dira.
Orain, gure burua eta gogoa hobeto ulertzeko definizio batzuk:
BURUA gizakiaren edo animalien gorputzaren goiko edo aurreko atala da, ahoa, sentimen-organoak eta nerbio-zentro garrantzitsuenak kokaturik daudena. Beste zentzu batean, burua, adimena, oroimena edo zentzua izan daiteke.
GARUNA izakiaren eta beste zenbait animaliaren buruaren barneko muinen multzoa da. Garuna edo burmuina entzefaloaren zatirik handiena eta garrantzitsuena da, goi mailako ornodunengan eta, bereziki, gizakiarengan garapen eta konplexutasun handia duena. Nerbio-sistemaren egitura zuzendaria da.
Garunen neuronen kopurua egundokoa da: ikertzaileak ez dira ados jartzen, baina 50.000 milioi eta bilioi baten artean dagoela uste dute. Era berean, garuneko neurona bakoitzak milaka harreman sinaptiko eratzen ditu aldameneko neuronekin.
Garunak informazio sentsoriala prozesatzen du, mugimendua kontrolatu eta koordinatzen du, portaera eta gorputzeko oinarrizko funtzioak, hala nola bihotz-taupadak, odolaren presioa, fluidoen balantzea eta gorputzeko tenperatura kontrolatzen ditu. Garuna emozioen, memoriaren eta ikasketaren arduraduna da.
Garuna, adimenaren egoitzatzat eta ahalmentzat hartua da.
ADIMENA ulertzeko edo ikasteko gaitasuna da; pentsamentuaren bidez norbaitek bere buruaz eta inguruaz jabetzeko duen ahalmena. Egoera bati aurre egiteko, arazo bati irtenbidea emateko, zirkunstantzien arabera aukera egiteko ahalmena da. Oroimen eta pertzeptzioaren funtzioetatik esperientzia eskuratu, egoera berrietara egokitu, komunikatu, kontzeptu abstraktuak maneiatu eta ingurunean sortzen diren egoeretara egokitu eta arazoak konpontzeko ahalmena da. Alde anitzeko kontzeptua da adimena. Adimena funtzio mentalekin dago lotuta.
GOGAMENA, pentsatzeko (gogoeta egiteko) erabiltzen den ahalmena da. Pentsamendua, pertzeptzio edo hautematea, ulermena, borondatea, emozioa eta gizakiaren berezkoak diren bestelako ahalmen mentalen iturburua eta antolaera da. Eztabaida dago gogamena garunaren funtzio bat besterik ez den, ikuspuntu materialista batetik hain zuzen, edo garunaren jardueraz haraindi eratutako ahalmena den.
GOGOA, gizakiaren buru-ahalmenen (adimena, oroimena, desira, nahia, edo asmoen) egoitza eta iturburua da.
KONTZIENTZIA, giza gogoak bere buruaz eta kanpoko errealitateaz duen ezagutza edo hautematea (pertzeptzioa) da: baita, norberaren egintzen zintzotasuna edo gaiztotasuna epaitzekoa ahalmena ere.
(Gizakiok era kontziente edo inkontziente batean joka dezakegu, beste izaki bizidunek ez bezala. Zer egiten dugunaren jakitun edo oharkabean egin ditzakegu gauzak.)
INKONTZIENTZIA, borondatezkoa ez den fenomeno organikoa da. Oharkabean, kontzientziari ihes egiten diona eta pertsonen jokabidean eragina duena.
Honaino gaurkoa, pentsatzeko asko ematen duen informazioarekin ;-)
Bibliografia:
- "Yoga sutras de Patanjali" T.K.V. Desikachar
- Wikipedia
- Harluxet hiztegia
- Euskaltzaindiaren hiztegia
- Elhuyar hiztegia
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: