Chandrasana
Namaste.
Zutik gaudela beso bat edo biak altxatuta albo batera makurtzean datza asana hau. Ilargi erdiaren antza hartzen dugu horrela eta hortik datorkio izena.
Chandra: ilargia.
Asana: gorputz jarrera.
Oinarrizko asana bat da eta era berean oso onuragarria. Bizkarrezurraren oinarrizko mugimendu bat egiten dugu asana honetan: albokako flexioa.
ASANARA IRISTEKO JARRAIBIDEAK
- Tadasanan hasita, arnasa hartuz ezkerreko besoa altxatuko dugu (beso bakarrarekin hasiko gara eta aurrerago, esperientzia hartzen dugunean, bi besoak altxatuz eta goian eskuak elkartuz egingo dugu asana).
- Arnasa botaz, pixkanaka eskubirantz makurtuko gara (bizkarrezurra ornoz orno makurtuko dugu eskubirantz, lunbaretako ornoekin hasiz, orno dortsalekin jarraituz eta lepaorno edo zerbikalekin bukatuz). Ornohezur bakoitzak mugimendu txikia egingo du baina orotara arku forma edo ilargi forma hartuko du bizkarrezurrak).
- Bi oinak lurrean ondo sustraituta geldituko dira uneoro.
- Arnasa hartuz atzera bidea egingo dugu zutik jarri arte eta arnasa botaz besoa jaitsi.
- 3 aldiz errepikatu eta hurrengoan 3 arnasaldiz gelditu asanan.
- Tartetxo bat hartu gorputza nola dagoen sentitzeko.
- Ondoren, eskuin besoa igoz eta ezkerrerantz makurtuta egin (arnasaldi kopuru berdina).
- Tartetxo bat hartu gorputza nola dagoen sentitzeko.
KONTUAN IZAN
- Eskubirantz edo ezkerrerantz makurtuko gara bakarrik, ez aurrerantz edo atzeruntz, gutxi gorabehera bi pareta artean bageunde bezala.
- Bizkarreko mina edo lesioren bat baduzu oso goxo egin, mugimendu oso txikiekin hasita.
ONURAK
- Sahiets arteko muskulu txikiak luzatzeko balio du eta beraz, arnasketari toki haundiagoa ematen laguntzen du.
- Ornohezurren arteko muskuluak luzatzeko balio du eta beraz, bizkarreko tentsio batzuk baretzen eta ekiditen laguntzen du.
- Gure gorputzaren bi alboetako kontzientzia hartzen laguntzen digu.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: