Chakravakasana
Namaste.
Lau hankatan jarrita katu baten antzerako mugimenduak egiten dituen gorputz-jarrera da. Nik ikasi nuenean Chakravakasana izenez ezagutu nuen eta horregatik erabiltzen dut hemen, baina beste izen asko ere ikusi izan dut han eta hemen: Marjaryasana, Bidalasana edo Vidalasana, Bilikasana edo Bitilasana, katuaren gorputz-jarrera, katu eta behiaren gorputz-jarrera,...
Gaur egun asko egiten den asana bat da, oso erraza delako, edozeinentzako balio duelako eta era berean onura galantak eman ditzakeelako. Gainera asana batetik bestera pasatzeko trantsiziozko asana egokia izaten da askotan.
ASANARA IRISTEKO JARRAIBIDEAK
- Lau hankatan jarri, eskuak eta belaunak lurrean jarrita. Besoak luzatuta egongo dira eta eskuak sorbalden zabaleran irikita. Belaunak aldakaren zabaleran irikita.
- Bizkarrezurra zuzen jartzen saiatu (Chakravakasana neutroa esango diogu honi).
- Asana hau era dinamiko batean praktikatzen dugu, beraz, arnasa hartzean bizkarrezurrarekin arku bat marrazten saiatuko gara. Errainhezur edo ipurtezurretik hasiko dugu mugimendua eta gero poliki-poliki arnasketari jarraituz, ornoz orno jarraituko dugu mugimenduarekin arku forma ganbila hartuz.
Eskerrik asko Ainhoa!
- Ondoren, arnasa botatzen hasten garelarik, mugimendua errain-hezurretik hasita eta gero ornoz orno jarraituz bizkarrezurrarekin arku forma ahurra hartuko dugu.
Eskerrik asko Ainhoa!
- 4-5 arnasketaz jarraitu mugimenduarekin.
ALDAERAK
- Eskuak jarri ditugun tokian orain ukalondoak jartzen baditugu (eta eskuak aurrera eraman) mugimendu nagusia orno dortsaletan gertatuko da (aurreko kasuan lunbaretako ornoetan zen mugimendu nagusia).
- Orpoetan eseritzen bagara eta mugimenduarekin jarraitzen badugu (oso txikia izango da) mugimendu nagusia ornohezur zerbikaletan izango da.
- Hanken mugimendua gehitu dezakegu. Chakravakasana neutroan gaudela arnasa hartuz eta bizkarrezurraren mugimenduarekin batera ezkerreko hanka luzatu eta altxatu dezakegu atzerantz (gerria behartu gabe). Arnasa botaz bizkarrezurraren mugimenduarekin batera belauna bere tokira itzuliko da eta ondoren eskubiko hankarekin egingo dugu. Errepikatu 3-4 aldiz.
- Beso eta hanken mugimendua gehitu dezakegu. Chakravakasana neutroan gaudela bizkarrezurra zuzen mantenduko dugu (buruak ere bizkarrezurrari jarraitzen dio) eta arnasa hartuz ezkerreko hanka luzatuko dugu atzera eta eskubiko besoa luzatuko dugu aurrera. Biak bizkarrezurraren altueraraino. Arnasa botaz belauna eta eskua bere lekura itzuliko dira eta hurrengo arnasketan eskubiko hanka eta ezkerreko besoarekin egingo dugu. Errepikatu 3-4 aldiz.
ONURAK
- Asana honetan gure bizkarrezurreko orno-hezur guztiak mugitzen saiatuko gara. Orno-hezur bakoitzaren mugimendua txikia izanik ere oso garrantzitsua da eta mugimendu honetan bizkarrean pilatuta gelditzen diren tentsio asko askatu ditzakegu.
- Bizkarrezurraren malgutasuna hobetzen du. Orno-hezurren arteko muskuloen malgutasuna batez ere.
- Nerbio-sistema lasaitzen du. Gure nerbio-zain guztiak bizkarrezurraren barrutik pasatzen dira eta orno artetik ateratzen dira joan behar duten gorputz-adarreraino. Orno-hezur arteko malgutasuna oso garrantzitsua da.
KONTUZ
- Hernia diskala baldin baduzu.
- Haurdunaldian aurreratuta baldin bazaudete.
- Arnasketaren erritmoa zaindu: arnasketak gidatuko du mugimendua eta ez alderantziz.
- Ez behartu gerrialde edo lepoaldea.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
Utzi iruzkina: