Metta Bhavana meditazio teknika

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2022-04-02 17:18

Namaste.

Oñatin bizi den lagun on batek hitzegin zidan lehenbizikoz bhavanaz. Eskerrik asko Amaia ;-) 

Beraien yoga-eskolan egunero bhavana praktika txiki bat egiteko testu eder bat dute:

 

"Maitasunez pentsatzen dut, gauza eta izaki oro

Izpiritu Unibertsalaren baitatik sortuak izan direla

eta honek, dena uztartuz, dena eusten duela

hurrenkera konstate batean eta betiereko Bizitzan.

Horregatik, izaki guztiak, nola haundienak hala txikienak,

Bizitza berberean parte hartzen dute, Gorputz Kosmiko bakarra osatuz."

 

Metta Bhavana praktika budista bat da. "Baldintzarik gabeko maitasunaren meditazio praktika" bezala itzuli genezake. 

Pali hizkuntzan "bhavana"-k landu edo garatu esan nahi du eta "metta"-k baldintzarik gabeko maitasuna edo maitasun unibertsala. Denenganako maitasun edo adiskidetasun sentimentu bat litzateke.

Egoera ezberdinetan izan dezakegun erantzun emozionala sortzaile eta positiboa lortzeko eta lantzeko meditazio praktika bat da. Adiskidetasuna, esker ona, zoriontasuna, errukia, adeitasuna,... erabiltzen lagunduko digun lanketa bat da.

Meditazio teknika hau 5 zatitan banatzen da (bakoitza 5/10 minutukoa):

  1. Gure buruarentzako metta (baldintzarik gabeko maitasuna) lantzen dugu.
  2. Lagun batenganako metta lantzen dugu.
  3. Epel uzten gaituen pertsona batenganako metta lantzen dugu.
  4. Guretzako pertsona zaila den batenganako metta lantzen dugu.
  5. Izaki guztienganako metta lantzen dugu.

Hasieran agian zaila egingo zaigu. Agian ezingo dugu mettak eskatzen duen emozioa sentitu. 4. puntua gerta dakiguke bereziki zaila... edo 1. puntua ere, batzutan ez baitugu gure burua behar den bezala errespetatzen edo apreziatzen ikasi...Orduan, sentitzen duguna antzeman eta izena jarri. Sentimentu eta emozio guztiak dira zilegi. Ez dugu gure burua behartu behar. Metta ez da dena kolore arroxaz tapatu nahi izatea. Metta gure kontzientziari norabidea aldatzeko saiakera serio bat da, denak berdinak garela sentituz, denak konektatuta gaudela ulertuz, denak bat garela jakinda.

Metta emozioa gure baitara ekarrarazteko modu desberdinak daude eta zuk zeuk zeurea izan dezakezu: 

  • paisaje oso eder batean gaudela irudikatuz.
  • bihotzean arreta jarriz.
  • bihotzean esfera urrekara bat irudikatuz
  • mantra edo esaldi batzuk errepikatuta: 
    • ondo egotea opa diot nere buruari (lagunari, bizilagunari, aukeratu duzun pertsona zail horri, guztiei)
    • osasuntsu egotea opa diot nere buruari (...)
    • zoriontsu izatea opa diot  nere buruari
    • sufrimentutik libre egotea opa diot nere buruari

 

Indiatik datorren mantra eder bat daukagu baita ere oso antzekoa esanahiean:

"Sarvesham svastir bhavatu

sarvesham shantir bhavatu

sarvesham purnam bhavatu

sarvesham mangalam bhavatu"

(izaki guztiek babesa izan dezatela, izaki guztiek pakea izan dezatela, izaki guztiek asegarritasuna izan dezatela, izaki guztiek oparotasuna izan dezatela)

Praktika on!

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: