Aurkezpena
Kaixo, namaste, yogari buruz idatziko dut. Yogari buruz dakidana eta ikasten ari naizena ordenatzeko eta sakontzeko modu bat da hau. Gainera, hemen idatzita, beste edozeinentzat baliagarri izan daitekeena denon eskura jartzen dut.
Yoga probatu nuenetik onurak besterik ez dizkit ekarri eta horregatik jarri nahi ditut idatzita euskaraz aspaldiko jakintza honek irakasten dizkigunak.
Garrantzitsua da azpimarratzea yoga praktikatu egin behar dela bere onurak ezagutu ahal izateko. Yogari buruz irakurtzeak bakarrik ez du askorik balio.
Yoga era askotara egin daiteke. Yoga egiteak ez du esan nahi liburu eta aldizkarietan agertzen diren gorputz jarrerak perfektu egin behar ditugunik. Pertsona gutxi batzuk lortuko dute hori oso malguak direlako baina beste pertsona askok postura berberak beste era batetara egingo dituzte, beraien gorputzaren mugen arabera eta ondo eginda egongo da, yoga pertsona bakoitzera egokitzen delako.
Gainera, yoga gorputz jarrerak baino askoz gehiago da. Arnasketa eta meditazioa giltzarri dira eta arnasketa bakar batean dagoen prozesua sentitzea nahikoa da konturatzeko ze mundu zabala dugun gure barnean deskubritzeke.
Gaurko sarrera hau bukatzeko, niri buruzko lau datu: 1974. urtean jaio nintzen eta orduan Arantxa izena jarri zidaten. Sadhana yoga eskolan egin nuen yoga irakasle ikaskuntza 4 urtez Donostian. Esperientzia ederra izan zen eta han jarri zidaten Vinaya izena, hemen erabiliko dudana.
Om shanti shanti shanti
Iruzkinak
2019-03-11 08:27 #1
Ongi etorri komunitatera, Vinaya! Eskerrik asko Blogak.eus erabiltzearren.
Utzi iruzkina: