Asana

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2019-03-24 11:34

Namaste.

Gehienok asana edo gorputz jarrerak eginez hurbildu gara yogara eta asanarekin hasiko gara hemen ere yogaren baliabideak azaltzen.

Lehenengo begiratuan esan dezagun asanak gorputza osasuntsu mantentzeko balio dutela. Tolestaketa, estutze eta luzaketa ezberdinek gure gorputzeko artikulazio eta organu ezberdinetan eragiteko asmatuta daude; bertako odola zirkulatzen jartzen dute odol berri garbia iritsi dadin.

Denbora pixka batean eroso mantendu dezakegun gorputz jarrera bat da asana. Erosoegi egotearen eta gehiegizko esfortzua egitearen oreka bilatu behar dugu asana bakoitzean. Lasaiegi bagaude lana ez egitearen seinale da eta horrela asanak dituen onurak ez ditugu lortuko. Gehiegizko esfortzua egiten badugu, berriz, mina hartu dezakegu. Beraz, oreka hori oso garrantzitsua da (denean bezala).

Patanjaliren "Yoga Sutrak" liburuan (aurrerantzean P.Y.S.) dioen bezala:

P.Y.S. II.46: "sthirasukhamâsanam": asanak bi ezaugarri izan behar ditu, erosotasuna eta arreta.

Asanan gauden bitartean arnasketa lasai mantenduko dugu. Ezin badugu arnasketa lasai mantendu asana gehiegi estutzen ari garela esan nahi du. Pertsona bakoitzak bere neurria du. Gauza bat da argazkian edo beste pertsona batek eginda ikusi dugun asana eta beste bat da nire asana. Denok gaitasun eta gorputz ezberdinak ditugu, beraz, norberak bereari begiratu behar dio: asanaren oinarriak aplikatu eta lasai mantendu. Denbora eta praktikarekin denok irabaziko dugu malgutasuna eta asana hori aldatuz joango da nire gorputzean.

Ehundaka asana daude eta gainera asana bakoitzak hainbat aldaera izaten ditu. Asana eta aldaera bakoitzak gure gorputzean fisiolojikoki eta enerjetikoki eragin bat izango du.

Gaur egun dugun bizimoduak tentsio, gogortasun eta zurruntasunak sortzen ditu askotan gure gorputzetan. Asanaren praktikaren bitartez zurruntasun eta tentsio horiek askatuz joango gara eta, era berean, gure gorputzak eta gure buruak osotasun bat osatzen dutenez, buruan ditugun gogortasun batzuk ere askatuz joango gara.

Asana egiterakoan garrantzitsuena norberaren mugak eta gorputza errespetatzea da. Entzun gorputzari! Ez izan presarik! Entzun zuen gorputz eder eta miresgarri horri!

Om shanti shanti shanti


Utzi iruzkina: