Arnasketari begira

Vinaya 1552834753574 Yoga ezagutuz | 2019-08-22 17:33
1

Namaste.

Jaiotzen garenean egiten dugun lehenengo gauza arnasa hartzea da, beraz oso goiz ikasten dugun zerbait da. Txikitan muskuloak malguak izaten ditugu eta horregatik erraza da arnasketa betea egitea. Haunditzen goazen heinean, ordea, gure posturek, estresak, emozioek eta bizi-ohiturek eraginda muskuloak zurruntzen joaten dira eta honek arnasketa lasaia galarazi dezake. Tente eseritzearekin gertatzen den bezalaxe: umetan eserita egoten ikasten dugunean bizkarrezurra tente jartzen dugu baina urte batzuetara nola eseritzen gara? tente? bai?

ARNASKETA SISTEMA

Nerbio sistema autonomo edo begetatiboa, gure organuek bere kaxara funtzionatzeko erabiltzen duten sistema da: liseriketa, bihotz taupadak, izerditzea, arnasketa,... bakarrik gertatzen diren funtzioak dira, hau da, guk ez dugu pentsatu behar horretan funtzionatu dezaten. Gure gorputzak bakarrik egiten ditu.

Nerbio sistema autonomoak nerbio sistema nagusitik jasotzen ditu mezuak, nerbio kinaden bitartez, zer egin behar duen jakiteko.

Nerbio sistema autonomoa 3 zatitan banatzen da:

  1. Sistema sinpatikoa: estres egoera batean gorputza prestatzen du borrokarako edo iheserako.
  2. Sistema parasinpatikoa: estres egoeraren ondoren eta egoera normaletan gorputza mantentzen duena da.
  3. Sistema enterikoa: liseriketa kontrolatzen duena da.

Nerbio sistema autonomoak gure esku-hartzerik gabe funtzionatzen duela esan dugu baina arnasketaren kasuan adibidez, era kontziente batean ere parte-hartu dezakegu bere ihardueran. Izan ere, arnas aparatuan muskulo desberdinek parte hartzen dute, adibidez diafragma eta sahiets arteko muskuloak, eta muskulo hauek batzutan zurrunduta daude eta kontzienteki lagundu behar diegu arnasketa betea lortu nahi badugu.

Gure laguntzarik onena gorputzari lana ondo egiten uztea litzateke, esaterako, muskuloak landuz malguago izateko edo birikei bere lekua hartzen utziz postura txarrak ekidinez.

ARNASKETA ETA EMOZIOAK

Arnasa hartzeko era desberdinak ditugu. Gure emozio bakoitza era desberdin batean isladatzen da gure arnasketan. Adibidez: lasai gaudenean arnasketa diafragmatikoa egingo dugu; beldurra dugunean arnasketa ia moztu egiten dugu; urduri gaudenean arnasketa azkartu egiten dugu,...

Arnasketaren ekinean parte hartu dezakegunez eta emozio bakoitza arnasketa mota batean isladatzen denez, alderantzizko bidea ere egin dezakegu eta arnasketa lasaitzen aritu gaitezke gure emozioak lasaitzeko.

Gaur egun, orokorrean, oso estresatuta bizi gara: gauzak geroz eta azkarrago egin nahi ditugu, munduaren egoera okertzen ari dela iruditzen zaigu, gure etorkizunak asko arduratzen gaitu, gure umeari gertatuko zaionaren beldur egoten gara,... Guzti honek gure nerbio sistema autonomo sinpatikoa etengabe lanean jartzen du, beste eragin batzuen artean arnasketa azkartuz, beraz, etengabe egon gaitezke borrokarako edo iheserako prest eta egoera hau jasangaitza da. Gaixotasun asko estresaren ondorioz pairatzen ditugu eta ia ez gara konturatu ere egiten.

Yogak nerbio sistema parasinpatikoari laguntzen dio gorputza eta gogoa lasaitzen. Alde batetik, asanaren bitartez zurrundutako muskuloak poliki-poliki errekuperatu daitezkeelako, bestetik, pranayamaren bitartez arnasketa luzatu eta mantsotu dezakegulako eta azkenik, yogaren filosofiaren bitartez benetan garrantzia duenari garrantzia ematen ikasten dugulako.

Om shanti shanti shanti

 


Utzi iruzkina: