Adho Mukha Svanasana
Namaste.
Txakur batek luzaketa egiten duenean hartzen duen gorputz-jarreraren antza duelako izena du horrela asana honek: Adho Mukha Svanasana. "Adho"-k beheruntz esan nahi du, "Mukha"-k aurpegia eta "Svana"-k txakurra: beheruntz begira dagoen txakurraren asana.
Flexiozko asana bat da baina extentsioa ere badauka eta gainera erdi-alderantzikatua da. Indarra ematen digun asana bat da.
ASANARA IRISTEKO JARRAIBIDEAK
- 4 hankatan jarriko gara, eskuak eta belaunak lurrean ditugula. Eskuak sorbalden zabaleran zabalduta eta belaunak aldaken zabaleran zabalduta.
- Eskuak aurrerago jarriko ditugu, lurrean ondo bermatuta, behatz guztiak eta esku ahurra ere bai.
- Oinetako behatzak lurrean jarri eta eskuetan ere indarra eginez, arnasa hartuz, aldakak altxatu besoak eta bizkarrezurra luzatuta gelditzen diren arte. Mendi edo hiruki forma hartuko du gure gorputzak.
- Burua besoen artean gelditzen da, pixka bat barruraka sartuta bezala; sorbaldak tentsiorik gabe. Begirada edo "dhristi"a txilborreruntz zuzendu.
- Hankak luzatzen saiatuko gara eta orpoak lurrean jartzen, baina garrantzitsuena bizkarra eta besoak zuzen eta lerrokatuta mantentzea da.
- Arnasa botaz 4 hankatako posiziora itzuli. Hasieran 3-4 errepikapen egin era dinamikoan eta praktika pixka bat hartutakoan 3-4 arnasaldiz gelditu era estatikoan asanan.
LAGUNGARRI IZAN DAITEKE
- Sorbaldatan flexibilitate gutxi baldin badaukagu Adho Mukha Virasana egin dezakegu aurrena, sorbalden irekieran laguntzeko. Belauniko jarrita, belaunak zabaldu eta gorputza aurreruntz bota luzatuta. Eskuak aurre aurrean lurrean jarriko ditugu eta besoak luzatuta, ukalondoak ez dira lurrean jarriko. Lasai hartu arnasa. Sorbalden irekidurari laguntzen diogu.
- Orpoak lurrean jartzea asko kostatzen bazaigu orpoak txandaka jartzen hasi gaitezke. Lehenengo ezkerreko orpoa jarriko dugu lurrean bestea altxatuta gelditzen den bitartean eta gero alderantziz. Horrela hanken atzekaldeko muskuloak luzatzen joango gara.
ONURAK
- Bizkarreko, hanketako eta sabeleko muskuluak indartzen ditu.
- Eskumutur eta orkatilak indartzen ditu.
- Sorbaldetan flexibilitatea eta mobilitatea irabazten dugu eta honek lepoko minak ekidin ditzake.
- Gorputz jarrera erdi-alderantzikatua denez odol zirkulazioa hobetzen du.
- Emozionalki bizitza beste ikuspegi batetatik ikusten laguntzen digu.
Om shanti shanti shanti.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: