3 gunak edo kualitateak
Namaste.
"Ez dago ezer Lurrean, zeruan edo Jainkoen artean naturatik (Prakriti) jaiotzen diren guna hauetatik libre denik." Bhagavad Gita 18.40.
SARRERA
Indiako Samkhya filosofia eskolak errealitatea 2 kategoriatan banatzen du: hautematen duen hura (Purusha) alde batetik eta hautematen dena (Prakriti) bestetik.
Yogaren helburua aldakorra dena (Prakriti) eta aldatzen ez dena (Purusha) ezberdintzera iristean datza.
Brahman edo Purusha artzat hartzen da: botere absolutu ar hau beste botere dinamiko eme batekin osatzen da, Shakti edo Prakriti.
Unibertsoko materia guztia Prakriti izeneko oinarrizko substratu batetik dator (Shakti ere izendatua edo energia ere bai). Prakriti honetatik sortzen dira gunak edo energiaren 3 kualitateak. Prakriti-a 3 indar hauetaz osatua dago eta horien bitartez lortzen du bere adierazpena.
Shamkya-ko filosofoek diotenez Izatea ezagutu eta esperimentatzeko helburuagatik existitzen da bizitza. Gunak bide espiritual hau errazteko eginak daude: erakutsi egiten digute, ezkutatu egiten digute, mugimendura bultzatzen gaituzte, eta dena, Purusha-ra hurbiltzeko helburuarekin.
3 GUNAK
Guna hitzak "lotzen duena" esan nahi du, haria, soka.
Prakriti barruan dagoen guztiak 3 guna, kualitate edo nolakotasun ditu. 3 kualitate hauek objektu guztietan agertzen dira, gizaki, elikagai, bizidun, ez bizidun,... Objektu guztietan agertzen dira baina gradu edo proportzio ezberdinetan hirurak.
3 guna edo kualitateak hauetxek dira: Sattva (purutasuna), Rajas (aktibitatea) eta Tamas (iluntasuna, suntsikortasuna).
Rajas eta Tamas aurkako kualitateak dira eta Sattva orekazkoa.
3 gunek elkarrekin lan egiten dute etengabe. Iraunkortasun itxura ematen dute batzutan baina aldakorrak dira beti.
SATTVA
Purutasun, jakintza eta armoniaren guna da. Kolore zuria. Baita zintzotasuna, alaitasuna, borondatea, zoriontasuna, ongizatea, askatasuna, konpasioa, autokontrola, esker ona, tolerantzia, argia, maitasuna edo kontzientzia unibertsalarena ere.
Elikagai sattvikoak freskoak dira eta lurraren gainean hazten dira, eguzkiaren argia jasoaz: fruta eta lekaleak, zerealak.
Ekintza sattvikoak: yoga praktikatzea, hausnarketa, meditazioa,...
Sattvak kristal garden batek bezala funtzionatzen du, argiari pasatzen utziz.
RAJAS
Rajas aldaketaren indarra da, pasioa, desioa, esfortzua eta mina. Kolore gorria. Baita mugimendua, akzioa, amorrua, euforia, beldurra, larritasuna, estresa, ausardia, asebetetze nahia, pasioa eta energia ere.
Aldaketa Sattvaren alderakoa izan daiteke edo Tamas alderakoa. Rajas-ek atxikimentura lotzen gaitu, zentzuen gozamenak bilatzeari eta gure ekintzen ondorio jakin batzuk bilatzeari.
Gure Rajas maila txikitzeko elikagai rajasikoak sahiestu beharko genituzke, hala nola: frijituak, pikanteak edo kafeina bezalako bizigarriak.
Jarduera rajasikoak honakoak lirateke, besteak beste: gehiegi pentsatzea, gauza materialak gehiegi kontsumitzea,...
TAMAS
Nagitasun eta iluntasunaren guna da. Kolore beltza. Kaosa, ezjakintasuna, indiferentzia, inertzia, baldarkeria, depresioa, inpotentzia, zalantza, erruduntasuna, lotsa, aspermena, tristura, gogogabetasuna, nahasmena,...
Elikagai tamasikoak hauek dira: alkohola, haragia, elikagai prozesatuak, txartzen hasita dauden elikagaiak,...
Jarduera rajasikoak: gehiegi jatea, lo gehiegi egitea,...
Tamasek kontzientzia ixildu egiten du. Batzuetan beharrezkoa eta onuragarria da deskantsua, baina proportzio haundiegian geldotasuna eragiten du.
GUNA ALDAKETAK
Guregan eragiten duen guna nagusia aldatu egiten da garaiaren arabera, eguneko edo urteko momentuaren arabera.
Elikadurarekin edo gure jokabidearekin guregan eragin gehien duen guna aldatuz joan daiteke. Eragiten digun gunaren arabera gure munduarekiko ikuspegia ezberdina izango da. Tamasiko baldin bagaude dena negatibo eta ilun ikusiko dugu. Sattviko gaudenean alaitasuna emango digu edozer gauzak. Rajasiko baldin bagaude oso aktibo sentituko gara.
Guregan eragiten duten gunak aztertzen baditugu eta aldaketarako ekimenak hasten baditugu, Sattva lantzeko bulkada izango dugu, Rajas lasaitzeko nahia eta Tamas-a atsedenerako bakarrik erabiltzeko asmoa.
Gure asana tamasikoa, rajasikoa edo sattvikoa ote den aztertzea lagungarri izango zaigu nola gauden jabetzeko. Gogorik edo arretarik gabe ari bagara tamasikoa izango da. Konpetitibitatez ari bagara rajasikoa, eta lasai, arretaz eta errespetuz ari bagara sattvikoa.
Sattvaren bila ibiliko gara eta lortzen dugun heinean poztu egingo gara, baina kontuz, izakera sattvikoaren arriskuetako bat lortutakoaren harrokeria sentitzea da, besteak baino hobea izatearen sentipena.
INFORMAZIO GEHIAGO
- "Bhagavad Gita" liburua
- yogainternacional.com "Los gunas: las tres fuerzas fundamentales de la naturaleza"
- hijodevecino.com
Om shanti shanti shanti.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: