Ok, Egin kantu eta Klasikoak finalean
Atzo gauean jokatu zen herriko bertsolari txapelketako laugarren eta azken kanporaketa, ohikoa den legez, Urretxuko Aldiri tabernan. Lasatarrak (Antton Fernandez, Eli Lasa eta Uxue Fernandez), Klasikoak (Gorka Ganuza, Gorka Ojanguren eta Gorka Erostarbe), Pitxitxiak (Ekain Aseginolaza, Itziar Pildain eta Iguntze Aseginolaza) eta Etamok (Aitor Irastortza 'Txiki', Julen Agirreburualde eta Asier Iriondo -legazpiarrak-) aritu ziren kantuan, Gorka Azkarate gaijartzen zutela.
Tentsio handiko saioa izan zen, Aldiriko entzuleen isiltasuna kanporaketetako sarkorrena izan baitzen. Irristadak irristada, ale ederrak joan ziren atzo ere. Zortzi puntukoak entzun genituen bakarkako lanetan (U. Fernandez eta Ojanguren), betelanak ederlan egin zituzten hainbat kantarik (chapeau, Erostarbe) eta freskura ikaragarria eman zioten kanporaketari beste hainbatek (Ganuzak eta Aseginolazatarrek, esate baterako). Bertsolaritza hamaika aurpegitako poliedroa dela majo frogatu zen atzo ere.
Bukaeran, publikoaren iritziaren eta epaimahaiaren erabakariaren berri izan genuen. Asier Iriondo legazpiarra izan zen bertsolari gustukoena ('Iriondokeri' hitza sartu beharko dugu Orotariko euskal hiztegian martxa honetan), eta Klasikoek irabazi zuten saioa, nola entzuleen hala epaileen ustez. Honenbestez, puntuaketaren arabera, honako hiru taldeek jokatuko dute herriko 5. txapelketaren finala Urretxuko gaztetxean, martxoaren 23an (ostirala), 23:00etatik aurrera: Ok (Ibon Sotil, Igor Iñurritegi 'Iñurri' eta Joseba Barandiaran -legazpiarrak-), Egin kantu (Gorka Azkarate, Amaia Iturriotz eta Edurne Plazaola) eta Klasikoak (Gorka Ganuza, Gorka Ojanguren eta Gorka Erostarbe).
Bertso eskolak eskerrak eman nahi dizkie kanporaketetan parte hartu duten kantariei, saioak egindako tabernei, ikusentzuleriari eta finalera bidean epaile lan gogorrean aritu diren lau lagunei, Eugenio Lizarralde 'Txino'ri, bereziki.
Iruzkinak
zalantza 2007-03-11 13:55 #1
Lasatarren taldea betirako hautsi ote da Anttonek puntutan eragindako deskontzentrazioa dela eta?
bai zea! 2007-03-11 14:23 #2
Erotuta, ala? Datorren urtean txapela eurentzat seguru! Aupa Antton!
Antton 2007-03-11 14:28 #3
Besterik ez genuen behar, 'bai zea!'. Atzo ez nuen saio bukaeran iazko Motzeko sentsaziorik izan. Agian justu azken ariketan, puntutakoan, egin nuelako hankasartzea (barre histeriko xamarra, biharamuneko begientzat). Azken kanporaketan kantatzea tokatzea bera ere... nago finalera pasa behar handiegia ez ote zegoen atzokoan. Eta ez, mesedez, ez 364 egun lehenago txapela eta abar aitatuz aurrepresioa egiten hasi. Kanpaina, aurrekanpaina aurreaurrekanpaina eta abarrak utzi politikoentzat. Antton
azkarate 2007-03-11 16:38 #4

Egia esan zuen puntutako saioa ikustekoa da, Antton. Oraintxe ari nintzen grabazioa bideokamaratik DVDra pasatzen eta parre pixka bat egin dudala ez dut ezkutatuko...

Zorionak partehartzaile guztiei. Oraindik finala falta bada ere, txapelketa ikusgarria izan dugula esan dezakegu beldurrik gabe.

Antton 2007-03-12 18:13 #5
Nik 'e ikusi det grabazioa; ez det bate gaizki pasau ta, aizu, gainea, aho gustoa gozau ein ditt; ez tao hain gaizki. Animo, oain, gaineakoi!
Uxue 2007-03-12 19:50 #6
Konponbide errexa dauke gure puntukako saiok. Datorren urten lenengo bertsotik -INDA errima hartu ta kitto! Ta egie da, nik'e iruipen okerragoa neuken saioa ikusi aurretik ondoren baino.
esloveniatik... 2007-03-12 20:57 #7
aupa egin kantu!!!
donostiatik 2007-03-13 10:19 #8
aupa klasikoak eta ok! (eskuminak esloveniara)
julen 2007-03-13 18:38 #9

Lehendabizi zorionak finalista guztiei.

Uxue, ez al da errazagoa -ERA errima?jaja!

Beno ba, lasai egon zaitezte, denok egin genituen akatxak eta. Nik ere potoa egin nuen baño ze axola dio! Hala ere ez dut uste finalera ailatuko giñenik.

Galdera bat. Ba al dago grabazioa eskuratzerik? Legazpi partetik ere farre batzuk bota nahian gaude.

Ayo!

Utzi iruzkina: