Legazpiarrak txapeldun bertsotan: OK taldea nagusi herriko bertsolari txapelketan
Ostiralean jokatu zen Gaztelekun herriko bertsolari txapelketako finala. Legazpiko OK (Joseba Barandiaran, Igor Iñurritegi eta Ibon Sotil) taldea izan zen, puntuaketa estu baten ondoren, aurtengo edizioan garaile. Bigarren, puntu pare batera, Egin Kantu taldea sailkatu zen (Amaia Iturriotz, Edurne Plazola, Gorka Azkarate) eta hirugarren, beste pare bat puntura, Klasikoak taldea (Gorka Erostarbe, Gorka Ojanguren eta Gorka Ganuza).
Finala maila onekoa izan zela esan daiteke, tarteka bertso eder eta oso txalotuak entzuteko aukera izan zelarik. Hasieran, ohi bezela, Klasikoak taldearen irudimenak beste erakustaldi bat egin zuen, doinu italiar ezagun batean errimak eta puntuak abilezia ikusgarri batez lotuz. Hauen ondoren, Egin Kantu taldeak izen bereko telebistako programako abesti ezaguna kantatu zuen, eurek propio jarritako letraz, noski. Bertso eskolako beste haur batzuren laguntza izan zuten, gainera, eskenatokian, koreografia txalotu bat egiten lagundu zietenak. Saioa, beraz, umoretsu eta dotore hasi zen.
Hortik aurrerakoa ere ez zen, baina, maila apalagokoa izan; zailtasun maila ezberdineko ariketak trebetasun handiz osatu zituzten bederatzi bertsolariek, eta tarteka oso maila altuko bertsoak entzuteko aukera ere izan zen. Barandiaren maila ezaguna zen lehendik ere, eta ezezagunagoa zen Sotilen mailaz harritu zen Gaztelekura inguratutako bertsozale bat baino gehiago. Iñurrik, bere partetik, umorea jarri zuen bere agerraldi bakoitzean. Klasikoak taldekoak ere txukun aritu ziren, Ojan bere mailan eta Ganuza eta Erostarbe, urtetik urtera hobetuz eta hobetuz, maila politeko bertsolariak bilakatu dira honez gero. Eta zer esan Egin Kantuko Amaia eta Edurnez! Lotsa guztia galduta, eroso aritu ziren bertsotan, solte eta txukun. Denbora luzez gogoratuko dugu Amaiak kartzelakoan botatako zazpi puntuko bertso ederra. Azkaratek ere ongi egin zuen bertsotan eta bere umorea agerian utzi zuen, esate baterako, puntutako saioan.
Azkenean, gutxigatik izan bazen ere, txapelak Legazpirako bidea hartu zuen. Datorren urtean, beraz, izango da erronka eta errebantxarik! Publikoaren iritziz Amaia Iturriotz izan zen bertsolari onena eta Klasikoak taldea gustukoena. Honenbestez, bertsolariak has litezke dagoeneko datorren urterako euren buruak buru belarri prestatzen.
Iruzkinak
Publikokoa 2007-03-27 17:10 #1

Ba nire ustez ez zuten txapelik merezi Legazpiarrek. Ez "soilik" Legazpiarrak direlako, saioa entzunda Barandiaran ibili zen ondo soilik haien taldetik. Sotil ez zen Legazpin bezain ondo ibili eta Iñurri, ba umoretsu bai baino ezer berezirik egin gabe. Zalantzarik gabe Klasikoek merezi zuten txapela.

Baina lasai, hurrengo urtean izango da txapela herriratzeko aukera eta!

tartekoa 2007-03-27 18:08 #2

ni ere flipatuta geratu nintzen, baino ez gehiegi. Ni azken batean puntu batera iritxi naz, publikoak, agurrak ere kontuan hartzen dituela. Legazpiarrenak eskaxak izan ziren besteekin komparaturik bainan puntuz denak berdin. Iñurri ez zela fin ibili ere egia da, baño akatxak agurretan egin zituen doinuen zalantzarekin, bestela, ondo moldatu zen. Barandi, no comment. Eta Ibon berriz, maila oneko bertsoak bota zituen, edo ahaztu al duzue ofizioa?

Klasikoak ere oso maila onean ibili ziren, bainan akatx bat somatu nuen,agian 2 puntu gutxigorabehera balio zuena.

Eta Egin Kantu, oso ondo ibili zen, bainan edurnek ez zuen bere guztizko maila eman nere ustez, urduri egoteak egin zion kalte. Amaia ordez, oso oso ondo ibili zen, eta Azkarate, betiko mosuan, ondo eta grazioso, Iriondoren markak jarraituaz.

partehartzaile 2007-03-27 18:31 #3

beste iritzi bat:

hiru taldeetako bat nabarmen nagusitu zela iruditu al zitzaion inori? niri ez behintzat, oso oso pareko maila (eta puntuazioak, ondorioz, 188, 186 eta 184, ezin parekatuagoak).

Barandiaran ez zen Legazpin bezain ondo ibili, oso ondo ibili arren (saio latza egin zuen Legazpin). Sotil Legazpin baino hobeto aritu zen (gogoratu bestela zortziko txikiko lehenengoa: andrea hil zen baina / ni bizirik nago -saioko arrazoietako bat-) eta Iñurrik ondo eutsi zion taldeko mailari.

Txapela klasikoek merezi izatekotan ere, ez ZALANTZARIK GABE (ez, behintzat, hain kategoriko); agurra bakarrik puntuatu bagenu, orduan bai ez legokeela zalantzarik, baina askoz ere bertso gehiago joan ziren gero (erostarbere ez zen kanporaketako mailara iritsi nire ustez)

Egin Kanturi dagokionez, Edurne kanporaketan baino hobeto ikusi nuen (bestela gogoratu kopla handiko ofiziora, miss'enera, ekarri zuen elementu mordoa -trabestiena eta abar-; korrika hitzarekin dotore osatu zuen bertsoa eta 4 oinekin erraz kantatzen du dagoeneko). Amaiak zazpi puntuko doinuarekin harritu zuen publikoa, bertso zuzenak bota zituen, eta betelan ikusgarria egin zuen kartzelakoan bertso hasieran, baina -agian betelan hain ederra zela eta- arrazoiak itzali samar gelditu zitzaizkion orokorrean (ez zuen Ojangurenen bakarkakoaren indarrik Amaiaren bertsoak); Azkarate, puntutan oso ondo, agurra kantatzen bai grazioso, baina ez zuen Iriondoren kanporaketako graziarik gainditu aurrekoan. Gaixoak nahikoa lan egin zuen, egia esan, saioa hasi aurretik, eta saioa egin ahal izateko, prestatu beharrekoak prestatzen

uf, gaurkoz nahikoa, ala?

--- 2007-03-28 13:47 #4
ze, legazpiarrak irabazi dutenez, argazkirik ez ala?
blogari 2007-04-07 09:24 #5

hortxe argazkia, legazpiar eta guzti

barkatu hain berandu lortu izana

bide batez, argazkilariari justizia egiteko, gotzon aranburuk (Bererekin batera MB5eko fotografo ia ofizialak) ateratako argazkia dela azpimarra dezagun -eskerrik asko biei!-

Utzi iruzkina: