Iruretagoiena, Amuriza eta Txoperena gazteak Zumarragan bihar, abenduaren 21ean


Gabonak eta urte amaiera gainean izatearen aitzakian, Zumarraga-Urretxuko bertso eskolak modu berezian agurtuko du 2007ko jarduna. Horretarako, bertsolari gazteen saioa antolatu du biharko; zazpiretan izango da, Zelai Arizti kultur etxean. Emanaldian Miren Amuriza berriztarra, Kristiñe Txoperena hendaiarra eta Hodei Iruretagoiena zarauztarra, gazteen sariketa ugaritan gailendu izan diren etorkizun handiko bertsolariek parte hartuko dute.

«Eskolak ohitura bihurtu dugu, dagoeneko, urteko azken klasean saio berezi bat egitea; iaz, adibidez, Ekaitz Goikoetxea, Beñat Gaztelumendi eta Alaitz Sarasola bertsolariak izan ziren kantuan. Aurten, bertsolari gazteak kantura ekartzeko bide horretan beste urrats bat eman eta uneotan Euskal Herrian 18 urteen bueltan dabiltzan hiru bertsolari onentsuenak izango dira gure artean», diote eskolan.

Eskarmentu handikoak dira jendaurreko saioetan. Horrez gain, hainbat sari lortu dute, nola bat-batean, hala bertso jarrietan. Esanguratsuenak aipatzearren, Miren Bizkaiko eskolarteko txapeldun izan zen 2006an eta txapeldunorde 2007an, eta Euskal Herrikoan azken hiru urteetan hartu du parte gazteetan, iaz txapeldunorde izan zelarik. Kristiñe Ipar Euskal Herriko zein Euskal Herriko txapeldunorde izan da aurten. Hodeiri dagokionez, Gipuzkoako eskolarteko txapeldunorde izan zen iaz eta txapeldun aurten, eta birritan hartu du Euskal Herrikoan gazteetan parte.

Saioa eta mokadutxoa

Saiora Bertso eskolako ikasleak ez ezik herritar guztiak daude gonbidatuta. Bertso eskolako ikasleak izango dira saioaren gidari eta eurek beteko dute gaijartzailearen papera. Saioan zehar sorpresa bat baino gehiago egongo da eta lanak umoretsuak izango dira, kasu gehienetan. Gainera, saioa amaitu ostean pintxoak eta edariak egongo dira bertaratzen diren guztientzat, bertso eskolak gonbidaturik.

Saio honekin, amaitutzat emango du bertso eskolak 2007 urteko bere jarduna. Orain, buru-belarri dabiltza lanean datorren urteko egitasmoak antolatzen. «2008a ere urte oparoa izatea espero dugu. Webgune berria jarriko dugu martxan adibidez, gure ekitaldien berri emateko». Horrez gain, Martxoan bertsoa ere inoiz baino ekintza gehiagoz datorrela iragarri dute arduradunek.


Utzi iruzkina: