Helduen bertso eskola ZonaZeron

2

Gaur (atzo iluntzean ere hala izan zen) ZonaZero tabernan jardungo dira kantuan Zumarraga-Urretxuko bertso eskolako helduen taldeko hainbat kide. 2007ari agur esateko modurik onena bertsotan egitea dela sinetsita, ZonaZero tabernatik pasatzen ari dira ia dozena bat lagun. Bertso saio labur bat egingo dute gerturatutako jendearen aurrean, barruan duten kantatzeko grina asetu asmoz.

Gaur gaueko 22:30etik aurrera arituko dira kantuan Gorka Ojanguren, Uxue Fernandez, Juanjo Aranburu 'Ajo', Joseba Segurola 'Yeu' eta Ander Gabilondo 'Kaxero'. Antton Fernandez arituko da gai jartzen. Bertso eskolan egiten dituzten ariketak jendaurrean egiteko aprobetxatuko dute.

Atzo Gorka Azkarate, Antton Fernandez, Aitor Lizarazu 'Ginz' eta Jorge Andueza 'Pitu' aritu ziren kantari, Ander Gabilondoren esanetara. Agurren ostean, lau oinekin, zortziko nagusian ofiziotan, puntuari erantzuten, hitzari edo gaiari kantatzen eta puntuka aritu ziren. 40 minutu inguruko saioa izan zen, eta jendetxoa pilatu zen tabernan bukaerarako. Zortzi puntukoan, Jon Martinen habaneran eta abarretan saiatu ziren, eta 2001eko irailaren 11n eraitsitako bi dorre bikietako lehena berreraikitzen saiatu ziren bertsoz, ZonaZerori kolorea emanaz.

Bigarren bertso dorrea osatuko dute gaur bertso eskolako beste dozena erdi kidek. Ez da dorre bikia izango, zorionez, bakoitzak bere ahotsa du eta, baina ez zaio ez solairurik, gelarik edo munduari begiratzeko leihorik faltako gaurkoari ere. Gonbidatuta zaudete denok!!!

2007-12-28 11:22 #1

Oso literarioa atzoko saioaren kronika eta gaurkoaren iragarpena egiteko modua. Nabari da bai baten bat idazle eskolan dabilela....

mihiluze

mihiluze 2008-01-02 10:10 #2

bai, ezta?


Utzi iruzkina: