Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saio bat Zelai Ariztin jokatuko da bihar
Bihar, 2007ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako trenak geldialdia egingo du Zelai Arizti aretoan, lehenengo faseko kanporaketa saioa jokatuko baita, arratsaldeko 18.00etatik aurrera. Iragan asteburuan hasi zuen bere ibilbidea txapelketak, Orio, Legazpi, Hernani eta Zaldibian jokatutako saioekin, eta asteburu honetan, Usurbil eta Zumarragakoa, larunbatean, eta Hondarribia eta Arrasatekoa, igandean, jokatuko dira.
Txapelketa honek ikusmin handia sorrarazi du, inoizko parte hartzerik handiena baitu, bertsolari kopuruari begiratuz gero: 80 bertsolari arituko dira kantuan saio ezberdinetan, abenduaren 16an Donostiako Illunbe zezen plazan jokatuko den finalean Gipuzkoako txapeldun berria aukeratu artean. Txapeldun berria esatea, ez da alferrekoa, egungo txapeldun Maialen Lujanbio hernaniarrak ez baitu aurtengo txapelketan parte hartuko.
Larunbateko Zumarragako saiora itzuliz, sei bertsolari gazte arituko dira kantuan: Iñaki Apalategi beasaindarra, Iker Zubeldia zegamarra, Iban Urdangarin ataundarra, Aritz Garin zizurkildarra, Urko Egaña azpeitiarra eta Beñat Iguaran billabonarra. Adituen ustez, saio polita eta bizia ikusteko aukera izango da bihar Zelai Ariztin, kantatuko duten bertsolariak nortzuk diren kontuan hartuz gero. Sei bertsolariak gazteak eta umorera jotzeko joera dutenetakoak dira. Horrez gain, sei bertsolarietatik hiru goierritarrak direla kontuan hartuz, beraien zaleak ez dira Zelai Ariztin faltako, gertutasunak hurbiltzea erraztuta.
Pasa den astean Legazpiko saioan jende dexente bildu zen eta bihar Zelai Ariztin ere jendetza inguratzea espero da. Beraz, joan nahi duenari garaiz ibiltzeko gomendatu nahiko liokete antolatzaileek.
Sarrerak saioa hasi baino ordubete lehenago jarriko dira salgai aretoko leihatilan bertan (ez da aldez aurretik erosteko aukerarik izango). Sarrera arruntak 5 euro balioko du. Bertsozale Elkarteko bazkideek 3 euro ordaindu beharko dute bazkide txartela erakutsiz gero, eta 16 urtetik beherakoek 2 euro.
Eskualdeko bertsolariak
Urola Garaiko lau bertsolarik hartuko dute parte Gipuzkoako txapelketan. Joseba Barandiaran, Nerea Elustondo eta Asier Iriondo legazpiarrek eta Gorka Azkarate urretxuarrak. Barandiaranek pasa den larunbatean kantatu zuen Orion, eta lan oso txukuna osatu zuen, hirugarren postuan sailkatu zelarik. Asteburu honetan izango da beste hiruren txanda: Elustondo eta Azkaratek Hondarribian kantatuko dute igandean eta Iriondok, igandean baita ere, Arrasaten.
Iruzkinak
Antton 2007-09-28 10:22 #1
<p>Gipuzkoako txapelketari buruzko berri gehiago:</p>
<p><a href="http://www.gpuntua.com">www.gpuntua.com</a> helbidean! (Azkarateren argazki eta guzti!)</p>
Utzi iruzkina: