Amaia Iturriotz, Euskal Herriko txapeldun
Euskal Herriko eskolarteko bertsolari gaztetxoen XIX. txapelketako finala jokatu zen atzo Altsasun. Goizean, 14 urte arteko gaztetxoak aritu ziren kantuan eta arratsaldean, berriz, 14 eta 18 urte bitartekoak. 14 urte artekoen mailan, Urretxuko Amaia Iturriotzek hartu zuen parte eta, saio ederra osatu ostean, Euskal Herriko txapela bururatu zuen merezimenduz, pilotalekura gerturatutako entzuleen txalo artean. Imanol Irazustabarrena Alegiko gaztetxoa izan zen, saio bizi eta freskoa osatu ostean, txapeldunorde.
Hasieratik bukaerara, saio erregularra egin zuen Amaiak, eta tarteka, maila handiko bertsoak bota zituen, 14 urte artekoen mailan egin duen eskolarteko ibilaldi oparoari amaiera borobila jarriaz.
Gai baten inguruan bota beharreko agurrarekin motorra piztu ostean, lau oinekin aritzeko txanda heldu zen. Urte, balute, uste eta dituzte errimak txertatu behar izan zituen Amaiak bertso bakarrean. Honela osatu zuen ariketa:
Hemen kantatzen nabil / jada hiru urte, // milaka errima ta / gai jarri dituzte, // gustora ez nagonik / halere ez uste, // hobe hau gehiagotan/ egingo balute.
Jarraian, zortziko txikian aritu ziren ofiziotan, eta horren ostean epaimahaiak sei bertsolari aukeratu zituen bigarren fasean aritzeko. Imanol Irazustabarrena (Alegia), Nerea Ibartzabal (Markina), Guillermo Vegas (Argantzun), Irati Majuelo (Iruñea) eta Josu Sanjurjok (Lesaka) egin zuten aurrera, Iturriotzekin batera.
Bigarren fasea hasteko, hitza gai harturik bertsoa bota zuten sei hautatuek zortzikoan. «Hiztegia» izan zen Amaiari egokitu zitzaion hitza, eta arrazoian ederki definitu zuen:
Maisuk eman dit lan dotore bat / egin dezadan aukera // eta hitz batek zalantzatxo bat / ekarria dit barnera, // hiztegi hori hartuko det ta / segi behar det aurrera, // liburu bakar batean nola / bildu daitekeen euskera.
Azken ariketan jo zuen, ordea, goia Amaiak, saioa indartsu amaituz. Zortziko nagusian ofiziotan aritu behar izan zuen Irati Majuelo lagun zuela. Altsasuko finalera bidean autobusa matxuratu eta bidean aurrera egin ezinik dauden bi bertsolariren paperean jarri zituen gaijartzaileak.
Amaia Iturrioz hasi zen, eta Iratiren erantzunaren ostean, saioan gehien txalotu zioten bertsoa bota zuen Amaiak, gordetzeko moduko bertsoa: Zorte txar honek nahi ez denean / badauka hainbat botere // bide erdian hementxe gaude / istripuaren titere // sakelekoa atera zazu / egin zaidazu mesede // nik finalean kantatuko det / telefonoz bada ere.
Herritik Amaia animatzera joandako lagun koadrilak pozez hartu zuen epaimahaiaren erabakia, eta gogor jo zuten denek txalo gaijartzaileak Amaia txapeldun zela iragarri zuenean. Merezi baitu, neska langile eta jator honek, aurreko bi urteetan gertu izan ostean, Euskal Herriko txapelaren jabe egitea. Zorionak, Amaia!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: