Atez atekoarekin %30etik %83ra igo da Oiartzunen zaborraren gaikako bilketa

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-07-24 14:09

Gipuzkoako beste eskualdeei ekimenarekin bat egiteko eskatu die San Markoko lehendakariak.

Oiartzunen (Gipuzkoa) hondakinen atez ateko bilketa sistema martxan jarri eta bi hilabetera, argi gelditu da atez atekoaren arrakasta: Ecovidiriok, San Marko mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urnieta eta Martuteneko plantek emandako datuen arabera, aurtengo ekainean Oiartzunen zaborren %82,7 bildu da gaika. Aitor Etxeberria Oiartzungo alkatearen esanetan, emaitzek «aurreikuspen guztiak bete eta gainditu» dituzte, iazko ekainean %30,7 bildu baitzen gaika. Atzo goizean egindako prentsaurrekoan eman zituen datuok, Imanol Azpiroz San Marko mankomunitateko lehendakariarekin eta Pavel Viñas Oiartzunek mankomunitatean duen ordezkariarekin batera.




Hiru ordezkariek azaldu zutenez, hainbeste hondakin gaika biltzearekin batera, sortutako errefusa kopuruak nabarmen egin du behera; iaz, 253 tona kudeatu behar izan zituzten, eta aurten 27 besterik ez.

Horren harira, Etxeberriak onartu du atez atekoaren bilketa garestia dela, baina gogoratu du errefusaren tratamenduan aurrezten denak abantaila «ikaragarria» ematen diola Oiartzungo Udalari. Errefusa gutxitzearen ondorioz,hilabetean 28.476 euro aurreztu dituzte; urtea amaitzerako, ia 340.000 euro. Emaitza hauek harro egoteko modukoak direla esan du, eta atez atekoaren helburu nagusienak Oiartzunen «konplituta» daudela.

5. edukiontziak zentzurik ez

Prentsaurrekoan emandako datuen arabera, ekainean Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen atez ateko bilketarekin bosgarren edukiontzia erabiltzen duten bederatzi udalerrietan baino 176.000 hondakin organiko gehiago bildu da, biztanleria erdia izan arren.

Etxeberriaren ustez, datu hauek ez diote «inolako zirrikiturik» uzten bosgarren edukiontziari, ez eta errauste plantari ere: «Emaitzek frogatzen dute atez atekoa egingarria eta eraginkorra dela, batzuk saldu nahi digutenetik at.»

Horren harira, Azpirozek ez du ulertzen zergatik ez duen Aldundiak hondakinak gutxitu eta gehiago berziklatzen duen sistema bat bultzatu nahi: «Trabak besterik ez dizkiote jartzen atez atekoari, Gipuzkoa Europa mailan erreferente bihurtu dezakeen arren». Hala ere, azaldu du hemendik bi urtera atez ateko sistema Gipuzkoa osora zabaltzeko asmoa dutela, horrela hondakinen arazoa «erabat» konponduta egongo litzatekeelako. Hori dela eta, beste eskualdeei ekimenarekin bat egiteko eskatu die, bereziki Debagoienari, eta Aldundiari horretan «laguntzea, edo gutxienez ez oztopatzea».


Utzi iruzkina: