Atez atekoa geldiezina dela erantzun die San Markok PSE, H1 eta EAJri

usurbilerraustegiarenkontra 1456153529208 Usurbil Erraustegiaren Kontra | 2010-07-17 10:14

San Marko Mankomunitatean gertatuko den lehendakari aldaketaren harira, balorazioa egiteko prentsaurrekoa eman zuten atzo goizean Imanol Azpirozek, mankomunitateko jarduneko lehendakariak, eta Duñike Arrizabalagak eta Marian Beitialarrangoitiak, hurrenez hurren, Donostiako eta Hernaniko ordezkariak mankomunitatean.



Azken egunetan, mankomunitatean dituzten ordezkariak aldatzeko EAJk eta PSE-EEk mozioak jarri dituzte Urnietako eta Lasarte-Oriako udalean. Hala, Alternatibak, EBk eta Ezker Abertzaleak gehiengoa galdu dute Hamaikabat, EAJ eta PSE-EEren mesedetan.

EAJk eta PSE-EEk egindakoa “penagarria” dela adierazi zuten. Marian Beitialarrangoitiak gehiengoak inolako azalpen sinesgarririk gabe aldatu nahi dituztela salatu zuen. “Eguneroko gaiak konpontzeko gaitasunik ez dutela erakutsi dute, eta legegintzaldia ia amaitzen ari denean gehiengoak aldatzeko negozio eta trapitxeoekin hasi dira".

Egungo egoera ulertzen laguntzeko atzera begirako txiki bat egin zuen eta gogorarazi 2008ko maiatzaren 5ean, ezker abertzaleak ez beste alderdi guztiek (ilegalizatuta zegoen), hasi PPtik EAJraino, aho batez, denek, 27/2008 ebazpena onartu zutela. Hor zera esaten da hitzez hitz:

Gipuzkoako Batzar Nagusiek adierazten dute, mankomunitaeek beren kudeaketa antolatzeko daukaten eskumena eta ahalmena errespetatuta, haiek esperientzia pilotuak egitearen alde daudela, alegia, atez ate biltzeko sistema ezarri eta pixkanaka hedatu ote daitekeeen ikusteko saiakuntzak egitearen alde - bideragarriak direla egiaztatu ondoren -, bereziki hiri-hondakinetako materia organiko konpostagarriari dagokionez (MOC)

Beste hitz batzuetan esanda, dokumentu horren bidez Batzar Nagusietakon talde guztiek atez ateko bilketak egitearen aldeko jarrera agertu zutela esan zuen Marianek. Beraz, ”zer aldatu da bi urteotan? zer gertatu da alde izatetik kontrako jarrera erasokor honetara pasatzeko? Hitzez beste zerbait esaten duten arren, ekintzez erakusten dute atez atekoaren kontra daudela”.

Marianek adierazitakoaren arabera, argi ikusi da Sanmarkoren eta udalerrion artean egindako elkarlanari esker, errauste-plantarik gabeko alternatiba badagoela, eta gainera, martxan ipini eta uste zutena baino arrakasta handiago duela, ”herritarrek erantzun egin dutela” gehitu du. ”Duela bi urte PPk, Haimakabatek, PSE-EEk eta EAJk uste zuten atez atekoa jarri arren, errauste-planta behar-beharrezkoa izango zela, baina oker zebiltzan. Atez atekoak jatekoa kentzen dio errauste plantari, atez atekoa errauste planta gosez hiltzeko gai da. Eta gosez hilko dugu”.

Atez ateko sistema geldiezina

Hondakinen bilketaren eskumena udalena da, eta hortik segi zuen Marian Beitialarrangoitiak bere jarduna. ”Komunikabide batzuk Sanmarkon gehiengoak aldatuko balira atez ateko bilketak arriskuan egongo direla ari dira esaten, baina hori ez da horrela. Sentitzen dut asmo hori zapuztea”.

Gehitu zuen, Sanmarkon edozein gobernu talde dagoela ere, Hernanin, Usurbilen edota Oiartzunen atez ateko bilketa jarri edo kendu, udaletan erabakiko dela, eta ez beste inon, ”gutxiago komunikabide batzuetako erredakzio zuzendaritzetan”. Izan ere, udalena da hondakinen bilketaren eskumena.

Hernanin atez ateko bilketarekin oso pozik daudela ziurtatu zuen. Gogorarazi zuen gainera, Debagoienean ofizialki eta aho batez erabaki dutela mankomunitate osoan atez ateko bilketa jartzea ”Ezker Abertzalearen, Aralarren eta EAJren botoekin”. Atez atekoa geldiezina dela esanez amaitu zuen.

“Sanmarkoko zabortegia guk itxi dugu”

Balorazioan Imanol Azpirozek hondakinen kudeaketaren arazoa bideratu izanaz oso harro daudela adierazi zuen. Aitzitik aurreko legegintzaldiko kudeaketa “desastrosoa” izan zela esan zuen, hondakinen arazoari heldu beharrean beste alde batera begira egon direlako urtetan eta “Sanmarkoko zabortegi zaharkitu eta kutsagarrira zaborra bota eta bota” aritu direlako. Gainera, argitu zuen “Sanmarkoko zabortegia itxi duen gobernu taldea gaur egungoa” izan dela, ez beste inor.

Arazoari adarretatik heldu zioten eta atez ateko hondakinen bilketa aurrera eraman izana harro sentitzeko modukoa dela esan zuen. Horrekin batera argi utzi nahi izan zuen sistema hori ez dela hondakinen egitura paralelo bat, ez dutela bikoizketa arazorik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. “Gurea egitura alternatiboa da, egingarria, bideragarria eta orain arte ikusi gabeko emaitzak lortzen dituena”.

Jarduneko lehendakariak hondakinen arazoa hiru urtetan gizarteratzeko eta kontzientziazioa pizteko eduki duten gaitasuna azpimarratu zuen. Gainera, bizi kalitatea eta birziklatze maila hobetu dutela gehitu zuen.

Aldundiak atez ateko bilketak lortu dituen emaitzei beldurra diola salatu zuen, lortu dutelako herritarrek errauste-plantaren beharrik gabe hondakinen kudeaketa garbi eta osasuntsua egin daitekela ikustea. “Urtetan zehar ez dute ezer egin arazoari konponbidea emateko eta orain alternatiba dagoela frogatu dugunean deuseztu egin nahi dute”. Amaitzeko, Aldundiak Gipuzkoa errausketaren aldeko lobbyari saldu diola salatu zuen.

“Sanmarkoren ustez birziklatzea betebeharra da”

Duñike Arrizabalagak hitz gutxitan laburbildu zuen euren lanaren oinarrian dagoen ideia: “Foru Aldundiarentzat birziklatzea eskubide bat da, Sanmarkoren ustez, ordea, birziklatzea betebeharra da” eta gehitu zuen inork ere ez duela denen airea eta mendiak kontaminatzeko eskubiderik, ordaintzen den tasa ordaintzen dela. Areago, esan zuen Ahaldun Nagusi izanda ere, inork ere ez duela pertsonen osasuna arriskuan jartzeko eskubiderik, “eta jakina eta onartua da, errauste-planta dioxina eta furano iturri nagusienetako bat dela”. Gipuzkoarron osasuna ezin daitekeela saldu azpimarratu zuen.

Galdera bat ere luzatu zuen: “hondakinen eskumenak udalerrienak baldin badira, eta horiek arazoa ongi konpon badezakete, zergatik egin makroproiektuak eta zergatik zentralizatu, ehundaka milioi euro alperrik galduz?”.

Ez dago inor etxetik gertu errauste-planta bat nahi duenik, baina hala ere, zubietarrei inposatu egin nahi zaiela salatu zuen.

Kostua, kezka nagusi

Kazetarien galderen erantzunean bi ideia nagusitu ziren. Atez ateko sistemaren aurka dauden herriek maiz esan dute, sistema horretan sinisten ez dutenak ari direla atez atekoa ordaintzen. Horri erantzunez, Imanol Azpirozek argi utzi nahi izan zuen, atez ateko bilketa ezartzeko kostuak, kasu honetan, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo udalek hartu dituztela beren gain, ez mankomunitateak. Azken honek, lagundu besterik ez duela egin.

Bestalde, atez ateko bilketa sistema garestia dela dioten argumentuei erantzunez Marian Beitialarrangoitiak bereizketa bat ongi egin behar dela adierazi zuen. Gauza bat hondakinen bilketa sistema da eta bestea hondakinen kudeaketa. Bigarrenak lehena barnebiltzeaz gain, beste fase asko ere hartzen ditu. Hori inportantea da ulertzeko, atez atekoaren kasuan bilketa bera garestiagoa den arren, bukaerako emaitza merkeagoa dela. Hori bi arrazoi nagusirengatik gertatzen da: batetik, asko birziklatzen denez, birziklatzeagatik udal guztiek dituzten diru-sarrerak asko hazten direlako, eta bestetik, errefusa (birziklatzen ez dena) tonaka kobratzen denez, eta atez atekoarekin errefusa nabarmen gutxitzen denez (%80 izatetik %20 izatera pasatzen da), kostuak asko txikitzen direla.

Atez ateko hondakin bilketak dituen abantaila ekonomikoen inguruko datu gehiago hemen.


Utzi iruzkina: