Tim O´Reilly eta zientzia-fikzioa
Afaltzen ari ginela seme txikiak bota du: "jo, ama, nik ere mobila nahi dut", "bueno... falta zaizuna 13 urte egin arte" erantzun dio anaia zaharrak (oraintsu bete ditu berak 13 urte eta orduan oparitu genion sakelekoa). Ziurrenik ez duela inoiz mobilik izango erantzun diot nik, berak urte horiek bete orduko beste zerbait asmatuko dutela. Haserretu da apur bat, baina gero hor ibili gara zer izango ote den ordurako asmatuko dutena imajinatzen. Batak txip moduko bat, besteak mikrofono txiki-txiki bat... ez duguna inondik inora geure buruan irudikatu Tim O´Reillyri egindako elkarrizketan irakurri dudana izan da: "Aplikazioak besterik gabe Interneteko linbo batean egonen dira, eta gure gorputzean inplanteak izango ditugu sarean konektatzeko". Zientzia fikzioa iruditu zait. Badakit iritsiko dela, baina zientzia fikzioa iruditzen zait. Ondo ulertu badut, behintzat, hitz horiekin esan nahi zuena. Sarritan pentsatzen dut gure garunetan guk uste baino askoz gehiago dagoela garatu gabe, nirean behintzat bai, izan ere, horrelakoak imajinatzea izugarri kostatzen zait. Antzerako zerbait sentitu dut Timek berak elkarrizketaren azken galderan erantzuten duen ideiarekin. (bide batez esan dezadan, Berrian, urriaren 8an, Web 2.0 kontzeptuaren sortzaile den Tim O´Reillyri eginiko elkarrizketa bat dudala hausnarketa honen eragile). Badirudi etorkizunean bi hizkuntza desberdinetan hitz egiten duten bi lagunek dena ulertuko diotela elkarri itzultzailearen beharrik gabe. Hau ere harrigarria. Ez al zaizue zuei ere hau dena zientzia fikzioa iruditzen? Amaitzeko, interesgarria iruditu zaidan ideia bat ekarri nahi dut idatzi honetara: herri txiroak eta Internet. Itxura denez, Internetek hirugarren munduari aukera handiak eskaini dizkio. Gainera, han ere sakelekoa nahiko normaltasunez erabiltzen dutenez, ez omen dute arazorik izango sareko hurrengo aplikazioetarako. Dena den, hirugarren mundua garatuko bada, Internet baino dezente gehiago beharko da. Ez dakit aurreko ideietan, baina ziur nago honetan guztiok zaudela nirekin ados.
Iruzkinak
Joxe Aranzabal 2006-11-13 10:59 #1
Gaur zientzia fikzioa iruditzen zaiguna, bihar-etzi gure txikien esku egon daiteke, zuk zeureari ondo esan zenion moduan. Tim O’Reillyk ez ezik, gure seme-alabek ere ematen digute, bai, zer pentsatua!<br />
Utzi iruzkina: