Tagzania: mundua etiketatzen

urtarrila 1456153513302 Urtarrila | 2007-01-12 18:36

Luistxo Fernandez ezagutzeko parada izan nuen Sustaturen 5. urteurrenean, fakultatean eman zigun hitzaldiaren aurretik. Egun hartan beste batzuen artean, hitz batzuk eskaini zizkigun han bildu ginenoi. Han jakin nuenez, kazetari honek lan izugarria egin zuen Sustaturen sorreran, oso kontuan hartzekoa, duda barik.

Aste batzuk geroago gertuagotik jarraitu ahal izan genituen hari entzutera hurbildu ginenok bere programaren, Tagzaniaren,  nondik norakoak. Ordurako Joxe Arantzabalekin zerbait saltseatuta geunden zerbitzu honetan, baina hitzaldian xehetasun berriak jaso ahal izan genituen.

 Tagzania ezezaguna bazaizu, Web 2.0k eskaintzen digun beste zerbitzu edo aplikazio bat dela jakin behar duzu. Eibarreko kazetari honek beste batzuekin batera sortutako programa hau Euskal Herritik egin den programarik nazioartekoena dugu. Baina zertan datza? Ingelesez Tag etiketa dela honezkero badakizu, ezta? Ba, esanahi horretatik datorkio programari funtzioa. Mundua etiketatzeko balio du. Beste era batera esanda, munduko mapak gure pantailara ekartzeko balio du. Bai, horixe egiten du. Nahi duzun lekuko mapa lor dezakezu programa erabiliz. Beraz, kanpokoa den lagun bati zure etxera iristeko bidea zein duen erakutsi nahi diozula? ba, hartu mapa eta bidali. Edo oporretan bisitatuko duzun hirian zure hotela non dagoen ikusi nahi duzula? ba, hartu mapa eta inprimatu. Mapak ez ditu sortzen, baina google maps erabiliz erraz aurki daitezke. Berak adierazi zituen hitzaldian zehar zailtasun edo akatsen batzuk hainbat mapen inguruan, baina beno…

Azkenik, ez nintzateke gustura geratuko zera esan gabe, hitzaldia apur bat astuna egin zitzaidala. Egia da ezin izan nuela bukaerara arte geratu eta horrek nire iritziari balioa ken diezaiokeela. Baina edo opor aurreko azken eguna zelako, edo nekatu samar geundelako edo ez dakit zergatik, nahiko aspergarri egin zitzaidan. Eta bestalde, pena hartu nuen gaiaz hainbeste dakien pertsona euskaldun baten hitzaldian gusturago ez egon izateagatik. Beno, behintzat ezagutu dugu Tagzania, ezagutu dugu bere sortzailea eta orain erabili eta zabal dezakegu aplikazioa. Eskerrik asko, Luistxo!


Utzi iruzkina: