sareko errege
Youtube, Flickr, Blogger... sareko errege. Edo sortzaileak omen errege? Bietara irakur edo uler daiteke "Los nuevos reyes de Internet" artikuluko (El País, 2006ko abenduaren 3a) izenburua. Kontua da 20-30 urte arekoak omen direla zerbitzu hauen sortzaileak. Gazteak, ezta?
Baina ez da hori gehien harritu nauena. Harritu nau, esate baterako, adinak baino gehiago zerbitzuak sortzeko bideak. Itxura denez, ezintasunetik asmatu dira gehienak. Edo batzuk behintzat bai, Youtube eta Flickr, besteak beste. Traba edo oztoporen bati irtenbidea ematearren, beraz. Horregatik dio artikuluak errege hauek iniziatiba handikoak direla, besteek egiten saiatu ez direna, eurak saiatu direlako egiten. Meritoa sor zaie, hortaz.
Dena den, idatziak zer pentsa eman dit hiru arlo hauetan: lehenengo eta behin, multinazional digitalak ere existitzen direla ohartu naiz. Beraz, birtualetik urruti samar ari diren beste multinazional batzuen antzera ari dela sarea bera ere, erosi eta hazi. Hemen ere diruak agintzen omen du. Pribatizitate kontua ere ibili dut buruan jira-bira. Ondo dago konpartitzea, munduari zabaltzea, egin duguna, jaso duguna, dakiguna, pentsatzen duguna munduari erakustea, baina denok al ditugu argi mugak? Ez dauka honek guzti honek aurreikusten ez den arrisku bat? Azkenik, aipatu nahi dut nire beldurra edo sumoa zela sarea ere lerdokeria edota ergelkerietarako erruz erabiltzen ote zen. Eta bai, asmatu egin dut. Izan ere hor dago Jason Lanierrek aipatzen duen datua, hain zuzen ere, egindako ikerketa baten ondoren sarean lagunik gehienek ikusitako bideoa gerlari bat imitatzen ari zen ume batena zela.
Bestalde, blogari naizen aldetik, nire bloglanaren gainean hausnarketa egin nahi nuke amaitzeko. Norberak sortutako hori denon ikusgarri jartzen du, bai. Asma ditzaket horrek dituen hainbat eta hainbat alderdi on, bai. Halere, hiru hutsunerekin egiten dut topo nik. Bat, hartzailea. Idazten dudan bakoitzean ez dakit oso ondo zeinentzat ari naizen. Eta igual horrek ez du hainbesterainoko garrantzirik, nahiz eta teorian beti aipatu izan didaten/dudan hartzailea komunikazioaren osagarrietako bat dela. Bi, helburua. Izan daiteke desberdina, idazten duzun bakoitzean, jakina. Edo helbururik ez izan, baina hau ere komunikazioaren teorian ikasi dudan beste arlo bat da. Eta kostatzen zait neure idatzietan, batzutan identifikatzea. Hiru, erantzunik eza. Nahiko hutsala, frustrantea suertatzen zait azkeneko hau. Norberak komunikatu nahi izan duena inork ez duela irakurri sentitzeak min ematen dit. Horregatik, ez naiz ziurrenik gehiago sartzen blogean. Denbora eza ez ezik, neure kasuan hauxe ere faktore garrantzitsua da.
Baina buka dezadan optimismoz, blogak zabaldu dizkit eta zenbait ate. Idazteko atea (aspalditik galdua nuena), mundua ezagutzeko atea (beste batzuen begietatik jasotzen dudana) eta azkenik, irudia –argazkia, ikus-entzunezkoa- sortzeko, lantzeko atea (sakontzeko irrikatan nagoena).
Iruzkinak
Joxe Aranzabal 2007-01-28 19:24 #1
Lan interesgarria, Edurne. Hona nire iritzia zuk idatzitako zenbait punturen gainean:

1. Sareko errege ala sareko errege-erreginak? Gaztelaniaz reyes dio, baina euskaraz? Ni bigarrenaren alde nago.

2. Zaborra Interneten. Hori diozu, maila eskaseko gauzak ikusten direla Inteneten. Seguru baietz, telebistan eta liburugintzan gertatzen den bezala. Gran Hermano eta Estefanía ez ziren asmatu Interneten.

3. Pribatutasuna. Arriskuak edonon egon daitezke zain, baina nik uste dut partekatzearen abantailan askoz ere handiagoak direla Web 2.0 erabiltzetik etor daitezkeen arriskuak baino. Gaur egun behintzat.

edurne 2007-01-29 14:24 #2
Joxe, lehenengo eta behin, izugarrizko amorrua eman dit akats horretaz ez ohartzea. Bigarren puntuari buruz, arrazoi osoa duzu. Eta hirugarrenarekin ere ados nago. Dena den, hartzailearen kontu hori dela eta, ez duzu ezer azaltzen. Faltan bota dut.
Utzi iruzkina: