posta elektronikoak eta hartu-emana

urtarrila 1456153513302 Urtarrila | 2008-11-17 21:24

Komunikazio alorrean lan egiten dut iaztik. Lan horretan ari naizelako nire egunerokoan ordubete gutxienez ematen dut posta elektronikoari lotuta. Horrek beste aukera bat eman dit pertsonen arteko hartu-emanak eta jokaerak behatzeko.

 

Hiru talde bereiztuko nituzke nik postaz dauzkadan harremanen artean. Batzuk ez diote posta eskutitz bati sekula ere erantzuten. Beste batzuk, noizean behin eta hirugarren taldekoak beti. Ez ditut gogoko lehenengo taldekoak, ez ditut alboan nahi. Niretzat ondotik pasatu eta gehienetan aurpegira begiratu ere egin gabe joaten den ezagun haren modukoa da postari erantzuten ez dion hori. Ez didate balio ez dakizu zenbat mezu izaten ditudan bezalako adierazpenek. Inoiz galdetu izan diot neure buruari: hainbeste denbora “galduko” ote dute OK,  Bale edo antzerako hitz batekin erantzuterakoan?

 

Bestea kontuan hartzearekin estu lotuta dagoela iruditzen zait eta horregatik nik beti erantzuten ditut postak. Inoiz, egunean bertan barik bi egunetara-edo erantzun dudala aitortu beharra dut, baina lepoa jokatuko nuke gutxi batzuetan baino ez dela izaten.

 

Egia da komunikazioa errazten duen tresna zuzena eta arina dela eta horretarako sortu zela, besteak beste. Baina pentsatzen dut lagun asko erabileran arin trebatu baziren ere, ez zutela era berean oinarrizko araua ikasi, zentzuzkoa dirudiena, bestalde: feed-backa.

 

Beste batzuk oso hotz erantzuten dute. Baina hori errespetagarria iruditzen zait. Ez zait, halere, sinpatiko eta atsegin gertatzen. Hori ere esan beharra dut. Ezin dut imajinatu telefonoz ari naizela, lagunak ia agur esan barik eskegitzea.

 

Anaiarekin horretaz ari nintzela behin, berak zioen zuzeneko harremanetan ez bezala, ezin izaten dela asmatu hartzailearen egoera emozionala mezua bidaltzerakoan. Eta horretan arrazoia ematen nion. Niri ere gertatu izan zait mezu bati erantzutean tonika berean ez egotearen sentsazioa izatea.

 

En fin, posta mezuen joan-etorriak pertsonaren norabidearen ispilu ez ote diren pentsatzen dudala…

 


Utzi iruzkina: