ATXAGAREN EUSKAL HIRIA
Azaroaren 30ean On Jose Mari Arizmendiarrietaren omenez Gizabide Fundazioak antolatu zuen hitzaldian izan nintzen. Hizlari Bernardo Atxaga izan genuen eta Euskal Hiriaren gainean aritu zen. Oso gustura entzun nuen berak azaldutakoa eta esaten zuen gehienarekin bat nentorrenez, beste batzuei laburtzeko asmoa hartu nuen. Han esan zituenak pentsatzera eraman ninduten ni eta beharbada berdin gertatuko zaizu zuri ere. Jakina, ez du zerikusirik nire laburpen xume eta motzak eta idazleak hain dotore egin zuen solasak, baina beno...
Gerra zibilaren ondorioz, ekonomikoki lur jota zegoen herri bat izan zen On Jose Maria Arizmendiarrietaren utopiaren jatorria. Bernardo Atxagak, ostera, elkar ulertzen ez duen herri bat, herri bat ez duena etxe sentitzen, herri bat non ez den eroso sentitzen du jatorrian Euskal Hiria, utopia hauxe ere, irudikatzen duenean. Uharte txikiz osatutako artxipelagoekin baino interkonektatutako metropoliarekin amestu nahi du etorkizuneko gure herriaz amesten duenean. Denok aintzat hartuko gaituen hiriarekin.
Amets hori betetzeko, lehenengo eta behin, egitura administratibo-politiko bakarra eraiki beharra dago, bere ustez, probintziaren kontzepziotik haratago dagoena. Beste era batera esanda, gure herriak egitura zentralizatua duen gune bakarra sortu beharko luke, baina erabaki-kate azkarrez osatua. Bigarrenez, logika ekonomikoak agintzen ez duen sistema bat behar du eraiki. Botere publikoak –ideia kultural, politikoa....duen aginte batek- gidatuko duen lurraldea. Hirugarrenez, hiri babestua izan behar du, bertan eta bertatik ekoizten dena mimatuko duena. Eta azkenik, herri izatea lortuko du kreatibitatea erabiltzen badu. Identitateari hainbeste buelta eman gabe, sortzeak eta eraikitzeak egingo gaitu herri.
Ikusten duzunez, oso labur adierazi dut berak irudi eder, konparaketa apropos eta adibide umoretsuekin esan zuena. Eta ideiaren bat nahiko motz gelditu zait. Eta azalpen gehiago beharko lukeela iruditzen zait. Eta zenbait pentsamendu ez dut aipatu. Baina, hemen dago nik oraingoan sortu dudana. Zuretzat.
Iruzkinak
Joxe Aranzabal 2007-01-04 15:15 #1
Eskerrik asko kronika honengatik, Edurne. Nik ez nuen joaterik izan Atxagaren hitzaldira, baina orain badut hark esandakoaren berri, zuri esker.<br />
Utzi iruzkina: