ETORKIZUNAREKIN OLGETAN
Adierazkorra da oso zuen morroskoa, zioskun hautzaindegiko umezainak. Egia. Erorita koskorrekoren bat hartzen duenean negar anpulu handi bi irristatzen zaizkio masailetan behera munduaren akabera balitz bezala. Umore onekoa dela esango nuke, hala ere, irri-sinpatiko natural-naturala baitu, jende arte ezezagunean sartu eta gorantz burua jiratuz begiak barrez barrez jartzen dituenean bezala. Hemen nago ni diola ematen du.
Bere adierazpenen artean badu bere-berea den bat, askotan errepikatzeagatik bere keinutzat jotzen duguna: lepoa altxatzen du, behin birritan hirutan. Nik ez dakit keinua da. Ez dit ardura; niri bost dioskula dirudi.
Guraso arduratsu legez, bi ardotxo hartu ondoren, hauteskunde osteko emaitzak ikustean gure morroskoaren etorkizunean pentsatzen hasi ginen, zein alderditakoa izango den kabalak egiten, abstentzionista-hedonista izango ote den, kontsumista-sozialista, txistulari-peneuvista, funtzionario-revolucionario, ... etc.
Horregatik galderetara olgetan egitea erabaki genuen andreak eta biok, nolakoa ote litzatekeen argitu guran, ikaragarri ondo pasatzen baikenuen herenegungo galdera jolasa egin genuen arte.
Horrela galdetu genion:
-Erreala segundara jaitsiko da?
Lepoa altxatzen du, berdin diolakoan edo.
-Eta Athletic?
Lepoa altxatzen du, birritan. Asko ardura esaten bezala!
-Uxue Barkos alkatesa egingo da?
Lepoa altxatzen du oraingoan ere. Alajaina, ume hau ez da emakundekoa irtengo ziostan andreak.
-PNV-PP koalizioa egingo da?

Berriro galdetzen diogu:
-Ejem, ... PNV-PP koalizioa egingo da?
Honetan ere, lepoa altxatzen du. Horregatio, gure umeari den-denak berdin dio. Sekula ume pasotagorik! Gu gero eta estuago geunden. Aizu egin diezaiogun azken galdera, honek ez dakar onik-eta.
Azken galdera, morrosko:
-Euriborrak igotzen segituko al du?
Burua jiratzen du, begiratzen digu zuzen-zuzen, bekokia ximurtzen du, gorritzen zaio matraila, begiak busti-busti egin eta negar batean hasten da ezin kontsolatzeko moduan.
Harrezkero ez dugu gehiago galderetara olgetan egin. Bake-bakean uzten saiatzen gara, etorkizunik hipotekatu barik.
Iruzkinak
2007-06-01 15:17 #1

Ume gixajoak sorbaldaren mugimendu haregaz zera zioen:

Aitxe, ama,

Athletic berba arrotza izanik be hain entzuten dot osaba-izeko-lrhrngusu-sityxitxe-amamarena baino gehixeago...eta...tira, ba, ulertu egiten dot.

Alkatesa edo dalako hori... ulertu be ulertu egiten dot, guraso eta auzo guztixek zarien astun aspergarri zarielako.

Koalizioarena? Zeozergatik galdetu dostazue bi bider. Zuek ete dakizue, akaso, zer dan dinozuena?

Beraz, aitxe, ama, maitxiok, zer dinozue eibartar, elgoibartar edo euribortar edo demontrezko dan ez-dakit-zei horretaz? Ba ete dago hori ulertzen dabenik?

Eta, por zierto, galderaz galdera, Mintzoa nire lagun zaharrak honeek galderok zuentzak prestatu ditu:

Zoriontsuak al zarete
mugaz bestaldeko biztanleok?

Mugaz bestaldean, hostoek ematen
al diete babesa fruituei?

Ba al dago marrubirik?

Arrain abisalek
ba al dute aurresentipenik
eguzkiaz, ba al dakite argia
eta iluna hitzak bereizten?

Muxu bat.

Lepoa altxatu ta segi aurrera.

Utzi iruzkina: