Zureminez
Orduz ordu
minutuz minutu
segundoz segundo
desio dut
berriro
zure hatzak deskuiduan bezala
nireekin ukituka ibiltzea,
paseoan gindoazenean bezala,
deskuiduan bezala baina nahita,
zure hatz-mamiak nireekin olgetan,
eta zure besoaren beroa sentitzea
nire besoko ileen elektrizitatea pizten,
elkarren ondoan jarrita geundenean,
eta zure begirada sakona
nire begietan maitasuna ereiten sentitzea,
zure ezpainak nire ezpainetatik hain gertu sentitzea,
hain gertu,
musu ezinezkoak landatzen,
eta zure sorbalda gardenak
hortxe
metro erdira,
lotan zeundela,
oraindik konkistatu gabeko lurraldea balira bezala.
Zure aurpegi lokartuari begira
egongo nintzateke bizitza osoan,
gau hartan egon nintzen bezalaxe,
segundoz segundo
minutuz minutu
orduz ordu
zure edertasunak hipnotizaturik
zure aurpegi lokartuari begira,
itzarrik ametsetan,
nire barruan maitasuna hazten nola zihoan kontrolatu ezinik,
bihotza taupaka
ostikoka ari den basapiztia bezala.
Hantxe,
zure aurpegi lokartuari begira,
desioak eta maitasunak
eztanda egiten duten lurraldea
zen nire gogoa.
Maitasun-overbookinga eragin zenidan,
desio magmatikoen jarioa
gau hartan
zure aurpegi lokartuari begira.
Zure ile beltz luzeak
sentitu nahi nituen
nire bekokian
nire sudurrean
nire ahoan,
zure bularrak
pasioaren garrak inarrosita
ikusi nahi nituen,
zure behatzak
igarri nahi nituen
nireekin jolasean
eta,
bat-batean,
gure gorputzen igurtzi bortitza
ekaitz saihestezinaren isurketa
gure maitasunen arteko talka tektonikoa
gelaren beroan murgilduta,
pasioa izerditan.
Hori guztia nahi nuen
gau luze hartan
nire desioaren sargorian.
Maitasuna edan nahi nizun
ezpainetatik,
zure iturri ezkutuen paradisuan bainatu,
atsegin ikaren sumendian erre.
Baina ez.
Ez zen ezer gertatu.
Gure oheen arteko metro erdia
amildegia zen
zure loaren eta nire ezinaren arteko labar gaindiezina.
Ez zen ezer gertatu:
zu zeure loaren magalean geratu zinen,
ni neure logaitzaren bakardadean.
Eta orain
zure faltaz
bete zaizkit pentsamenduak,
zure faltaz
ito zait eztarria
zure faltaz
hanpatu zaizkit betazpiak
zure faltaz
orduz ordu
minutuz minutu
segundoz segundo
zure faltaz
eguzkia galdu duen eguna naiz
zure faltaz
blaitu zaizkit erraiak.
Zure faltaz
eta
zureminez.
Ron
Sniakin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: