zoribio
Bihotzak eta buruak eta arimak eta erraiek zorionaren (edo zoritxarraren) ozeanoan dzanga egiten dutenean, dela maitasunolde (maitasunultze) baten eraginez, dela beste edozein sentimendu edo zirrara sakonen kariaz, maiz halako estasi-zorabioa (zorabio tragikoa) sentitzen da. Halakoetan, zoribiatu egiten gara.
Guk zoribioa sentitu dugu gaur Sergei Prokofievek konposatutako Alexander Nevsky kantata entzutean. Zorion-zorabioa in crescendo joan da obrak aurrera egin ahala. Zandra McMaster mezzosopranoak “Hildakoen zelaia” adagioa kantatu duenean, arterietako eta zainetako odolaren bor-bor eroa sentitu dugu, eta itsasoko olatu basatien oldarra begietan. Obraren amaierako zatian (Alexanderren sarrera Pskoven), odol eta malko olatuek gainez egin digute, eta azken segundo horiek eternitatera eraman gaituzte, koruaren ahotsen eztandarekin batera. Zein ederra den zoribioz hiltzea!
ZORIBIO: zoriontasun edo zorigaizto eskerga batek eragindako zorabioa. Zori-zorabioa.
ZORIBIATU: zoriontasunez edo zorigaiztoz zorabiatu.
Kontzertuan fan bat baino gehiago zoribiatu da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: