Zapatonesen gabardina

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-12-31 18:48

Denoi txokatu zitzaigun egun hartan Zapatones gabardina luzearekin ikustea, batez ere, uztailaren 17a zelako. Ez pentsatu sasoi haretan gaur bezalako arropak zeudenik: Dekathloneko forro polarrak, plumiferoak, Villabongeko sudaderak... Ez, orduko arropak kuadrodun alkondarak, kaikua, antezko txamarra eta gabardina ziren, baina uztailaren erdian gabardina jaztea ... Edozein modutan,  Zapatones gabardina jantzita ikustea baino harrigarriagoa zen Zapatones bera ikustea, izan ere, polizia eta txapeloker guztiak atzetik zituen uda hartan.

 

Eguerdiko 12ak aldera geratu ginen Jon, Pedro eta hirurok estazio ondoko tailerretako ormatzarrean kartelak jartzeko (ez dakit zer greba edo manifestaziotara joatekoak) . Kartelok bezperan batu nituen nik Urdulizeko Kurtzean; SS matrikuladun R5 batean zetozen  bizardun bik eman zizkidaten eta kontuz ibiltzeko esan zidaten, 16 urte izan arren, epelak berdin berdin emango zizikidatela eta txapelokerrek. Aititeren lonjan gorde nituen, Erriojatik ekarritako garrafoi batzuen atzean.

 

13:30etan estazio ondoko estankoko orman ari ginen kartelak pega eta pega; Pedro konturatu zen gasolindegiaren parean kotxe beltz bat geratu zela eta lau morroi trajedun atera zirela zein baino zein belarrimotzago. Harrapatuta geunden, ez zegoen handik irteterik ez bazen lau metroko orma saltatuta. Guganantz zetozen ibilera arinarekin eskuak jakako poltsikoetan, malaostia aurpegian.

 

Zapatones tabernatik irten zen eta gabardina erdi irekia gehiago irekitzeko eta barrutik, kukututa  zuen erreminta guztiz ateratzeko imintzioa egin zien txakurrei. Keinu huts, baina, eraginkorra inondik ere!

 

Bakoitza bere bidetik joan zen gero: txakurrak kotxera ospa egiteko, gu etxera nahiko bizkor, Zapatones beste taberna batera.

 

                                                                                     Pako Jones


Utzi iruzkina: