zaharkitektura

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2011-12-04 11:04

Antzinako zibilizazio eta inperioek utzitako hondakinak bisitatzera joaten gara animalia turistikook. Halako zirrara eragiten digu piramideetan barneratzeak, edo Atenaseko akropolian ibiltzeak, haizeak Grezia klasikoko jainko-jainkosen xuxurlak ekarriko dizkigulakoan. Zaharkitektura horiek bisitatuz, mozkor mistiko moduko batek hartzen gaitu, eta gure argazki-makinak denboran zehar egindako bidaia horren irudiz betetzen ditugu, gero auskalo zein disko gogorretan ahaztuta geratuko diren begiradez.

Geu ere, zahartzarora bidaiatzen ari garen hondakingaiak gara. Baina askok ez dute maite bidaia hori. Zahartzea ezkutatzen saiatzen dira, ukenduz eta ebakuntzaz. Denborak gure aurpegietan eta gorputzetan zizelkatzen dituen zimurrek eta hondamendiek espantua eragiten digute. Ez ote dira bada ederrak zaharkitektura horiek? Jakin beharko genuke haien edertasuna bilatzen, hondakin bihurtzen ari diren gure gorputzen baitan gordetzen diren edertasun tantak preziatzen.

ZAHARKITEKTURA: arkitektura zaharra. Hedaduraz, zahartzaroak gure baitan eraikitzen duen hondamendia.


Utzi iruzkina: