Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (8)
VIII- Kondesak eta haren hortzordeek topo egiten dute
Xaburuko kondesa bigarren tropa horretakoa zen: edertasuna sekula ez zitzaion ispilu aurrean agertu. Edozein modutan ere, erokeria iruditzen zitzaion maitasun istorioak asmatzen hastea. Haren ustez, mutxurdin susara haiek ez zuten duintasun izpirik; gainera, berari interesatzen zitzaion larru bakarra diru-zorroarena zen, eta denek zekiten jauregi hartako ondasunak jabea bera bezain pipiaturik zeudela. Hala ere, handinahikerian bizitzea maite zutenez, temati ekiten zioten jaiak antolatzeari. Gau hartako dantzaldia ahalegin antzu haren azken emanaldia zen. Eta kondesak faltsukeria hartako aktorea izan nahi zuen. Sinetsi nahi zuen oraindik egunik zoriontsuenak (dirutsuenak, bestela esanda) etortzekoak zirela. Baina horretarako oztopo handi bat zuen: hortzordeak falta zitzaizkion. Horrexegatik zegoen aretoaren bazter batean, loreontzi handi baten atzean ostendurik.
Bertatik, areto guztia ikusten zuen. Arretaz arakatzen zituen mugimendu guztiak, ohikoa zuen hontz-begirada hipnotiko harekin, baina alferrik: Bakedanoko kondea ez zen agiri. Orduan, gorantz begiratu zuen batean, bihotzak eztanda egin zion bularrean: hortzordeak han goian zeuden, bizkondearen belarriaren ondo-ondoan, lotsabako malapartatuak! Zer denganino egiten zuten han baina? Auskalo zer astakeria ari ziren asmatzen, bizkondearen ahoan halako irribarre maltzurra marraztu baitzen.
Eta haren atzealdean, dozena erdi hortzordek korua egiten zieten, haginak elkarren artean klaskatuz.
Kondesa, hontz-begiak plater bihurturik, keinuka hasi zitzaien, berehala aho barrura buelta zitezen. Baina hortzordeek inoiz baino jostalariago ziruditen, bizkondeari egindako barrabaskeriak (eta egiteke zituztenak) kontatzen ari baitzitzaizkion. Ez horixe: oraindik ez zuten aho barrura itzultzeko gogorik. Dantzaldi hartan hainbat ipurmami guri dastatzeko asmoa zuten, eta asmo lizun haiek ziren, hain zuzen ere, bizkondearen irribarrearen eragile.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: