Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (7)
VII- Karliteko bizkondea eta haren semeak
Karliteko bizkondearen jauregia argiz eta lorez ederki horniturik zegoen. Bizkondea oso zaharra zenez, areto nagusiaren goialde batean jartzen zuten, besaulki batean, hodei batean pausaturiko jainko txiki baten gisan. Egia esan, sarkofagoetako momiak baino gutxiago mugitzen zen gizagaixoa. Burua besaulkiaren hegalean paraturik, enbor pipiatua zirudien.
Haren bi seme ezkongabeek, berriz, sugandilen abileziaz mugitzen ziren aretoan zehar. Ondo irabazitako ospea zuten: erresuman ez zen ezagutzen haien mailara hel zitekeen gonazalerik. Mihi gaiztoen joan-etorriek ziotenez, emakume gutiziatuenen logelak gaztelu garaituak ziren Fredo eta Begnatentzat. Amak zein alabak, denak ziren ehizaki gozoak satiro haientzat: gorputz eta aurpegi ederrenak aukeratzen zituzten beti, eta ez zuten behin ere hutsik egiten.
Horrela ari ziren orduan ere, areto nagusian batetik bestera, harrotasunez hanpaturik. Han ziren emakumeak bitan banatzen ziren: batetik, haiekin oheratzeko ohorea izan zutenak; bestetik, ohore hori irabazi nahi zutenak. Azken horiek —ez fortunarik ez edertasunik gabekoek, hain zuzen ere— aldarrikatzen zituzten ozenkien bizkondearen semeekin izandako ustezko abentura eta enkontruak. Haien berba-jarioaren emaiari eta garrari erreparatuta, errazto ulertzen da zer bikote gaindiezin egiten duten desioak eta irudimenak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: