Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (6)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-04-07 10:56

VI- Abadesaren salaketa

Basapiztia batek ere ez lituzke halako orroak egingo. Eskuen artean abitu urratua zekarren.

—Deabrukeria hau egin didana harrapatu behar duzue! Norbaitek haginka egin dit atzetik gaur goizean, eta abitua urratu!

Orduan ikusi zuen Xaburuko kondesa gelaren bestaldean. Eta kondesaren aho barruan, hutsune salagarri hura.

—Orain ulertzen dut dena! Bera izan da! Eta, proba ezkutatzeko, haginak gorde ditu madarikatuak! Jaungoikoaren gorroto guztia eror dadila haren gainean!

Abadesak aurrera egin zuen, eraso itsuan. Xaburuko kondesak galdurik ikusi zuen bere burua: abadesak tartariarren armada bera zirudien, oldar basatian. Polizia guztien besoak behar izan ziren gorroto-galerna hura gerarazteko.

Abadesa setiaturik ikusita, kondesak abagunea baliatu zuen kontraerasoa antolatzeko.

—Abadesak izena besterik ez du mojatik. Egiaz, pozoi-putzua da, sinets iezadazue. Orratz batez ziztatzen baduzue, sufre usaina zabalduko da gela honetan.

Suari alkohola botatzea izan zen hura. Abadesak Eliza Katolikoaren aurkako atentatua egiteaz salatu zuen Xaburuko kondesa. Erreta amaituko zuela agindu zion, aspaldiko heretiko haien antzera. Haren iritziz, dena ondo pentsatuta egin zuen kondesak. Guztien ezaguna zen nolako gorrotoa zion (ez bakarrik berari, ezpada elizaren hierarkia guztiari), eta erraz frogatuko zen hagin haien jabearen aginduz egin ziotela horzka, auskalo zer sorginkeria erabilita, eta abitua urratzea ez zela ekintza hutsala, benetako asmoa kristautasunaren oinarriak suntsitzea baitzuen.

—Ez izan zalantzarik —amaitu zuen salaketa, abitu urratua astinduta— Hagin horiek azkar harrapatzen ez badituzue, luze gabe gure zibilizazioaren balio guztiak hauts bihurtuko dira!

Gauza batean bat etorri ziren andre biak: hortzordeak topatu beharra zegoen, kosta ahala kosta.


Utzi iruzkina: