Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (5)
V- Enkontru desatsegina polizia etxean
Kondesa etsiturik zegoen. Bazter eta okoilu guztiak arakatu arren, hortzordeen arrastorik ez. Arratsaldean polizia etxera joatea erabaki zuen. Lotsa sentimendu boteretsua izaten da, baina are indartsuagoa da zorren pisua. Jakina: ezin zuen dantzaldi hura galdu.
Etxetik polizia etxerainoko bidean izkintxo egin zien ezezagun guztiei, ahoko gabezia lotsagarri hura igarri ez ziezaioten. Ez zitzaion batere erraza gertatu, haren ohitura baitzen mundu guztiarekin berba egiten gelditzea. Munduan ez zegoen harentzat txutxu-mutxuetan eguneratuta egotea baino gauza garrantzitsuagorik. Zazpisuete galanta zen bera, gero! Haren gainean ez zezala inork gaiztakeriarik esan baina! Horrexegatik zin eragin zion poliziaburuari salaketaren berri ez ziezaiola inortxori eman.
—Hortzordeak ebatsi dizkidate. Erruduna bila dezazula agintzen dizut, gaur bertan. Bihar pertsona garrantzitsu batekin egon behar dut, eta, ulertuko duzunez, ezin naiz haren aurrean honela agertu…
Orduan, gelaren kanpoaldean orroak entzun ziren. Ahots haserretu hura… ezaguna egin zitzaion Xaburuko kondesari. Atea braust zabaldu eta hara nor sartu zen gelan, katapulta batetik jaurtitako harritzarraren indarrez: Jesusen Zerbitzarien abadesa!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: