Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (3)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-04-04 09:34

III- Kondesaren ametsak

Kondesak goiz osoa eman zuen etxea miatzen. Normalean bainugelan uzten zituen hortzordeak, kutxatxo zuri batean, baina gau hartan, dantzaldiak eragindako urduritasunagatik, hortzak eranztea ahaztu zitzaion. Ohean etzanda, amets egiteari ekin zion. Itzarrik egiten diren ametsak onenak izaten dira, nahi dituzun eran molda daitezke eta. Hala ari zen kondesa: dantzaldira heldu orduko, kondea beste emakumeen artean ederrentzat jo zuen; hurbildu egin zitzaion eta dantzan egiteko eskatu zion; vals hartan, emakumeek hain modu trebean erabili ohi dituzten arteak baliatuta, kondearen bihotza irabazi zuen. Ororen buru, bihotzarekin batera kondearen diru-zorroa lortzea zen haren asmoa, pilatuta zituen zorrak kitatzeko modu bakarra baitzen (mundu guztiak daki maitasunaren ifrentzua materialismoa dela). Baina amets gozo haiek xaboi-ponpak bezala desegin zitzaizkion loak hartu zuenean.


Utzi iruzkina: