Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (2)
II- Hortzordeen bihurrikeriak eta haren biktimak
Bien bitartean, hortzordeak bihurrikeriak egiten hasi ziren. Goizean goizetik, Kale Nagusian ibili zen, gora eta behera zebilen jendeari hanketan haginka egiten. Ondo aukeratu zituen biktimak. Kondesak hainbeste gorroto zuen Monakoko printzeari, adibidez, haragi puska ederra kendu zion aztaletik. Esan beharra dago kondesak titulu faltsu hori jartzen ziola bere suhiari, alaba txikiarekin ezkonduta zegoen morroiari, preseski. Sekula ez zuen onartu ezkontza hura, gizon txiki eta ezdeus hark ez baitzion familiari ez titulurik ez diru-onurarik ekarri. Gosea besterik ez zuen ekarri, gose alimalea. Kondesak zioenez, gizontxo hark elefantearen urdaila zuen, baina oiloaren duintasuna. Etorri berri hark gutxieneko duintasuna balu, bazter batean geratu beharko luke, janarien hondarren zain. Baina ez: lotsagabeak mahaiburuan jartzeko ohitura zuen, zorripiztu halakoak, eta lehena zen jatekoa aukeratzen. Besteentzat hondarrak! Horregatik deitzen zion Monakoko printzea, gorrotoz eta isekaz.
Bestalde, hortzordeen beste biktima bat Jesusen Zerbitzarien abadesa izan zen: abituaren azpialdea zati-zati egin zioten. Abadesaren biraoei erantzunez, hortzordeek haginak klaskatu zituzten, barre-algaraka. Eta zantzo haiek pertsona ezagun bat gogorarazi zioten abadesari. Ezin asmatu norenak ote ziren hortzorde malapartatu haiek baina!
Gero, olgeta harekin nekaturik, denda ospetsuenetan sartzen hasi zen, lapurretan. Denetarik harrapatu zuten: harribitxiak, soineko garestiak, kapelak eta topatu zituen beste zeinahi objektu. Janari-dendetan ere triskantza galanta eragin zuten, batez ere gozoki-dendetan, kondesa oso ahozuria baitzen. Gainera, urdailik ezean hortzordeek ez zuten gosearen sentsaziorik, eta, beraz, ez ziren behin ere asetzen. Haien txikizioak ez zuen bukaerarik!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: