Xaburuko kondesaren hortzordeen abenturak (13)
XIII- Bakedanoko kondearen agerpena
Kondesaren bihotza sugeak ohildutako zaldi erotua zen: hantxe zegoen Bakedanoko kondea!
Ohi zuen zogieraz, zutabe baten alboan zegoen, aulki batean erroak eginda. Burua kapela batez ezkutatzen zuen, eta beltzez jantzita zegoen. Horrek haren dotorezia nabarmentzen zuen, eta, batez ere, haren aurpegiaren zurbiltasuna: bazter hartan erdi ostenduta, aurpegi zurbil hark ilbehera zirudien.
Baina kondesak ilargi betea nahi zuen, edo ilargi bete eta erdi: kondearen ondasun guztiak pilatzeko besteko espazioa behar zuen, eta ilargi beteari gutxitxo irizten zion. Eta, horren esperantzan, berriro ere lerratu zen sugearen isiltasunaz, haren ondora heldu arte.
—Bakedanoko kondea! Hau bai ezustekoa! Ez nekien dantzaldira etortzekoa zinela!
Kondeak, errespetuagatik, jarlekutik altxatu eta kapela erantzi zuen, burua apur bat beheititurik. Haren ileak, beltzaren beltzez, distira berezia egiten zuen.
—Barkatu, andrea. Oraindik ez gaituzte aurkeztu…
Kondearen ahotsa sakona zen, kontrabaxuaren sokez sortua legez. Eta hain erakargarriak iruditu zitzaizkion berba haiek kondesari…
Ahotsak dardara egin zion bere burua aurkeztu zuenean. Kondearen ahots lodiaren alagalako osagarria izango zelakoan, hitzen azken silabak oktaba bat altuago ahoskatu zituen:
—Jauna, Xaburuko kondesa nauzu.
Kondesaren azken silaba durunditsu haiek ez zuten apokalipsiko tronpeten inolako inbidiarik! Txerri-hiltzeak Chopinen mazurka lirudike antzara karrankari haren alboan eta!
Bere burua aurkeztuta, zain geratu zen: ez zuen ezergatik ere nahi mari-banderatzat har zezan. Kortesiarik gabekoa izango litzateke kondeari dantzan egiteko eskatzea. Hortaz, haren aurrean geratu zen, eskua apur bat goraturik, gonbitaren zain. Kondeak, berriz, aretoaren kanpoalderantz begiratu zuen, itsasoan galdutakoaren larriduraz.
—Madame…
Kondesak, badaezpada, ez zion esaldia amaitzen utzi:
—Bai, jauna, atsegin handiz egingo dut dantzan.
Eta goraturik zuen eskuaz kondearena hartu zuen, hortzordeek bezala ihes egin ez ziezaion.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: